Ikurrinaren jazarpenaren kontrako sinadura bilketa ilustratua

Guaixe 2014ko ekainaren 18a

Udan Nafarroako eskualdeetan sinadurak biltzeko mahaiekin batera hainbat banderen buruzko sorrerari buruzko erakusketa jarriko da.

Guztion Nafarroan Guztion Ikurrak Herri Ekimen Legegileko (HEL) sustatzaileek (haien artean Joxi Bakaikoa, Etxarriko alkatea) gaur jakinarazi dutenez, beharrezkoak dituzten 5.000 sinadurak lortzeko udan kanpaina eginen dute. Euren buruari 10.000 sinadura lortzeko erronka jarri diote. Haiek Nafarroako Parlamentuan aurkeztuko dituzte, ikurren legea moldatu eta, besteak beste, ikurrinaren kontrako jazarpena eteteko eskatuz.

Sinadura bilketa foru erkidego guztian barna eginen dute udan eta HEL-aren beharraz kontzientzia sortzen laguntzeko erakusketa ibiltaria prestatu dute. Hartan  ikurrinak, Nafarroako ikurrak eta beste zenbait askatasun ikurren sorreraren azalpena jaso dute, “arreta berezia jarriz, guztiek, historikoki, pairatu duten jazarpenari. Ikurren jazarpena ez da zerbait berria”. 2003an UPNk eta PSNk onartu zuten ikurren Foru Legeak jazarpen hori berritu egin zuela diote erakusketaren sustatzaileek. Erakusketa Sakanan irailaren 8tik 14ra izanen da.

HEL-aren sustatzaileek azpimarratu dutenez, “herritarrek bere egiten dituzten ikurrak debekatu edota bere egiten ez dituztenak inposatzea ez da zilegi, ez da bidezkoa eta ez dugu onartzen”. Ikurrina hainbat herritan babes zabala duela nabarmendu eta zigor mehatxupean kendu dutela gogorarazi dute. Horregatik, “Nafarroako ikurren erabileran herritarren erabaki demokratikoa eta aniztasunaren errespetua bermatzeko Foru Lege proposamena sustatzera goaz”.