Axiok utzi gaitu

Guaixe 2014ko ekainaren 19a

2011ko Sakandarren Egunean Urrezko Aitzurra jaso zuenean.
Herri kirolen alde lan handia egin zuen Ziordian bizi zen arbizuarrak eta gaixotasun larri eta gogor baten ondorioz zendu da

Saltsa askotako perexila genuen Ziordira ezkondu zen arbizuarra. Hiru seme-alaben aita eta harakina lanbidez, herri kiroletan ibili zen gaztetatik, eta aizkora zuen kuttunena. Makina bat jaialditan ibili zen eta 2. mailako txapelketetan ere lehiatu zen. Baina bereziki aipatzekoa da aizkora berreskuratzeko egindako guztia. Gazte askori aizkoran murgiltzera lagundu zien, Sakanako Aizkora Eskola sortzeko lan izugarria egin zuen eta bertan monitore aritu zen Nazabaltarrekin eta Erdoziatarrekin. Horrekin batera, eskuzabala zen oso. Eskatzen zitzaionean emateko prest beti. Lagunak zituen txoko guztietan eta Sakanan antolatutako jaialdi, festa, dirua ateratzeko ekitaldietan, Nafarroa Oineza bulkatzen eta behar zenean… han ibiltzen zen, bere laguntza guztia ematen.

Omenaldiak
Horregatik, gorputza ahultzen zion gaixotasun larriaren berri izan bezain pronto, berarekin egon nahi izan zuten sakandarrek, berak emandako guztia eskertzeko. 2011ko apirilaren 17an aizkolariek omenaldi hunkigarria egin zioten Arbizun, kiroldegia lepo zegoela. 30 aizkolari eta harri jasotzaileak lehiatu ziren ETBk grabatutako ekitaldian. Txapelak, argazkiak, oroigarriak eta beste jaso zituen Axiok, eta jendearen animuak biziki eskertu zituen. Urte horretan bertan, garagarrilaren 5ean, Urrezko Aitzurra jaso zuen Ziordian ospatutako 2011ko Sakandarren Egunean, herrigintzan egindako lan handia eskertzeko. 2012an Axioren Lagunak herri ekimena sortu zen. Axiok beharrezkoa zuen tratamenduarendako dirua bilketa egiteko makina bat ekitaldi antolatu zituzten: maiatzaren 4an elkartasun kontzertua Altsasuko Iortian, maiatzaren 19an egun osoko jaialdi erraldoia Olaztin, maiatzaren 20an 4x4 erakustaldia eta pilota partidak Arbizun eta garagarrilaren 9an kontzertu ikusgarriak Ziordian. Tratamenduak on egin zion baina, tamalez, gaixotasunak aurrera jo zuen. 2013ko abenduaren 1ean Munduko Aizkolari Azkarrena emanaldia antolatu zuten Arbizun, eta errekonozimendua egin zitzaion Axiori.

Gaixotasuna larritzen joan zen eta Axiok eta senitartekoek neurologoek agindutako aulki elektroniko baten eskaria egin zioten Nafarroako Gobernuari. Gobernuak “ez ziela kasurik egiten” salatu zuten behin eta berriz. Tamalez, gaixotasunak bere bidea egin du eta garagarrilaren 19an, goizaldeko 5:00etan utzi gintuen bihotz handiko aizkolariak. Ereiten duenak jasotzen duela dio esaera zaharrak. Eta Jose Ignazio Flores “Axiok izugarri erein zuen. Eta jaso baita ere.