Festa parekideak lortzeko eragileekin elkarlanean aritu nahi dute Bilgune Feministako (BF) kideek. Jaietako ekintzetako emakumeen presentziarekin, haien parte hartzearekin eta izaten diren eraso sexistekin kezkatuta dinamika bat jarri du martxan BF-k, Festa dezagun, gaurdanik geroa leloa duena.
Sakanako BF-ko kide Kitz Mendiolak eta Izaskun Jaronesek azaldu digutenez, bi ardatz ditu haien proposamenak. Batetik, herrietako jai batzordeekin elkartzea, “jai parekideak lortzeko eta emakumeen bisualizaziorako programak egiteko”. Mendiolak gogora ekarri du oraindik ere hainbat rol indarrean daudela eta, esaterako, garbiketa edo zaintzarena emakumeekin lotzen direla eta gune publikoan ez dutela euren zatia bereganatu nabarmendu du.
Mendiolak azaldu duenez, “gaur egun festa eta erritoek jendarte ordena erreproduzitzen dute: hierarkiak, botere harremanak, diskriminazioak, rolak, emakume eta gizonen irudi idealizatua… Egiturazko zapalketa aldatzeko lana egin behar da”. Eta horri lotuta esan du tradizioa ez dela zerbait monolitikoa, “kultur sortzaile gisa herritarrek erabaki behar dugu, komunitatean, tradizioak iraun behar duen edo berritu behar den eta nola”. Jendartean eman nahi ituzten aldaketak ere festetan isla izatea nahi dute BF-koek.
Erasoen kontra
Beste ardatza festa giroan emakumeen kontra izaten diren sexu erasoak ikusgarri egitea eta haien prebentzioa sustatzea izanen da. Jaronesek azaldu duenez, jaigune, taberna eta bestelakoetan erasoak salatzeko buzoiak jarriko dituzte. Eraso sexisten kontrako kartelak, pegatinak eta beste ere zabalduko dituzte. Etxarri Aranatzen eta Altsasun festen aurretik emakumeen autodefentsarako saioak antolatuko dituzte. Estereotipoen inguruko lanketa berezia ere eginen dituzte, jendea “ispiluaren aurrean jarriz”.
Harremanetarako
sakanakobf@gmail.com