1. Zein izan zen saldu zenuten lehen telebista?
An. 1974ko lastailean zabaldu genuen eta Vanguard etxeko kolorezko telebista izan zen.
Ab. Garai hartako bi urteko soldata balio zuen, 140.000 pezeta. Luxu bat zen.
Ab. Aurreneko lanpara normala zen. Orduan urreztatuak, distiratsuak ziren modakoak.
2. Non jarri zenuen aurreneko antena?
Ab. Duela 45 bat urte. Kolektiboa zen. Lehendabizi dantzaleku eta gero Eroski izan zireneko eraikinaren gainean izan zela uste dut. Orduan banakako antena jartzea zen normalena. Gero pisu blokeak egiten hasi ziren, eta han jartzen hasi nintzen. Uste dut Altsasuko antena-kolektiboen %90 nik jarri nituela.
3. Nora apuntatzen zuten?
Ab. Hasieran seinale-hartzerik ez zegoen. Sollubeko errepikagailutik hartzen zen eta Altsasun oso gaizki ikusten zen. Horregatik, Urdiainen, mendiaren goiko partean errepikagailu bat jarri zen eta handik hartzen zen telebista seinalea, TVEko 1. katea, zegoen bakarra. Bigarren katearekin batera Artxuetan hedagailua jarri zuten eta Urdiaingoa bukatu zen.
ETB 1en seinalea bidaltzeko tresneria jarri zuten Urdiainen, pixka bat beherago, Ramoskoek. Nik Urdiaingo ur-biltegian jarri nuen, ETBren Gasteizko seinalea hartu eta Altsasura igortzeko. Gero Aralarko santutegian jarriko zen.
4. Haizeteak lagun?
Ab. Kandelak pizten nituen haizetea indartsuagoa izan zedin eta ekaitzak kazkabarra bota zezan, han dago negozioa (barrez). Dei asko jasotzen ziren halakoetan eta itxaron beharra dago. Jendeak itxaron nahi ez duenez, ahal duena bilatzen du. Bakarren batzuk konpontzen saiatzen ziren eta gero bikoitza ordaindu beharra zuten. Baina uste dut antenak ongi jarriak utzi ditugula, ez dute matxurarik. Haizete edo kazkabarragatik ez bada, iraupen handia dute antenek eta ez dira izorratzen.
5. Teilatuak zer moduz zeuden?
Ab. Ongi. Mugitutako teilaren bat ikusten banuen hura ongi jartzen nuen. Beste batzuek hurrengo egunean lan egiteko teila mugitzen zuten.
6. Bertigorik sentitu duzu?
Ab. Sekula ez.
7. Eta noiz hasi zen kolorezko telebisten salmenta orokortzen?
An. 1984 aldera. Orduan epeka asko saltzen zen.
Ab. Baina asko balio zuten. Gainera marka ugari zeuden. Orain marka arraroagoak daude.
8. Gerora kodetutako saioak eta deskodegailuak etorri ziren, ezta?
Ab. 27 urtez Canal +eko banatzaile izan ginen. Urte zoragarriak izan ziren. Denetarik, dirua irabazi, aparailuak jarri… baina beste kate batzuen sorrerarekin, LTDa eta besterekin hori ere pixkanaka izorratu da. Filmengatik bai, baina nik uste dut Canal + jartzen zuen jendearen %80 futbola ikusteko zela. Antena parabolikoak ere ugari jarri nituen giltzadun deskodetze tresnak satelite bidezko seinalearekin ordezkatu zutelako.
An. Iruñea eta Gasteiz arteko banatzaile ofiziala ginen.
9. LTDren etorrerak zer ekarri zuen?
Ab. Beste negozio gehigarri bat. Batzuek LTD gailua erosi zuten eta beste batzuek hura erantsia zuten telebista berriak. Orain aldaketa berria heldu da eta orduan erosi ziren telebista haiek guztiak ez du bat bera ere balioko, ez baitaude bereizmen handirako prest. Deskodetzailea edo telebista aldatu beharko da. Aldaketa horrek egina egon behar zuen, baina diru faltagatik ez da egin. Internet barneratua duten telebistak dagoeneko badaude, baina ez du edozein gailuk sarean ibiltzeko aukera ematen. Garestiagoak dira.
An. Eta egiten denean jendeak dendaz gogoratu beharko du.
10. Bonbilla normaletik kontsumo txikikoetara eta LEDera pasa gara, a ze saltoa, ez?
Ab. Bai eta argindarran lehen 125 v-tik 220 v-ra pasatu ginen. Transformadoreak saldu ziren ere garai hartan.
An. Bonbillekin orain eromena da: mota ugari, vatio kopurua, kolorea… mundua da. Dozena erdi bonbilla izatetik 100-200 izatera pasatu gara. Guk aholkatu behar izaten diegu. Gazteak prestatuta daude, adinekoei kostatzen zaie, baina sartzen ari dira. LEDa da etorkizuna. Gutxi kontsumitzen eta kutsatzen du. Besteak desagertuko dira.
11. 40 urte eta gero, dendak jarraituko du?
An. Bai. Abelardoren osasunagatik bere lana gelditu zen, lana atzera botatzen hasi ginen. Eskualdatzeaz hitz egin genuen. Bukatu dela mentalizatu behar izan dugu. Baina denda eskualdatzen saiatu nahi genuen, bizia duelako; ez genuen itxi nahi. Argiztatzean lan asko egiten dugu eta Abelardoren lan guztia berreskuratu daiteke. Gainera, jendeak galdetzen zuen nora jo behar zuten ixten bagenuen. Elena Garisoain eta Jacinto Bengoetxea dira aurrerantzean hemen ariko direnak.