Ezkurdia eta Zabaleta Sanferminetako Torneoan

Guaixe 2014ko ekainaren 26a

Binakakoan Zabaletak Retegi Birekin osatuko du bikoa, eta Ezkurdiak Barriolarekin

Egun eskasak gelditzen dira Sanferminak hasteko, eta Aspek eta Asegarcek Iruñeko festetarako antolatu dituzten jaialdiak aurkeztu dituzte. Bi pilotari sakandar ariko dira bertan: Joseba Ezkurdia eta Jose Javier Zabaleta.

Jose Javier Zabaletak Binakako Torneoan hartuko du parte. Etxarrengo atzelariak Retegi Birekin jokatuko du eta uztailaren 8an sartuko dira lehian. Aldiz, Joseba Ezkurdia bi txapelketatan ariko da. Binakakoan Barriolarekin osatuko du bikoa eta uztailaren 9an jokatuko dute lehendabiziko partida. Horretaz gain, lau t´erdiko torneoan ariko da arbizuarra.

Lau t´erdian, Ezkurdia Jaunarenaren kontra igandean
Joseba Ezkurdia Sanferminetako lau t´erdiko torneoan San Pedro egunean sartuko da lehian, finalerdietan. Final laurdenetan Barriola 7 tantotan uztetik datorren Jaunarena izango du arerio igandean Mungian. Irabazleak lau t´erdiko torneoko finala jokatuko du, Sanferminetan, Labriten. Finaleko beste txartela Idoatek eta Aimar Olaizolak dute jokoan, larunbatean Tolosan.

Joseba Ezkurdiak lan handia egin beharko du Jaunarena menpean hartzeko. Leitzarrak sekulako eskarmentua eman zion final laurdenetan bere maisu izandako Abel Barriolari. Jaunarena sakean, errematean eta peloteoan bikain moldatu zen eta hasieratik hartu zuen aurrea. Ea arbizuarrak leitzarrari tamaina hartu eta lau t´erdiko finalera heltzen den.