Birziklatze laborategian lanean

Guaixe 2014ko ekainaren 26a

Bigarren eskuko materialetatik produktu sortu, ezagutzak eta trebeziak partekatu eta ikasteko aukera ematen du.

Batuta taldeak osatzen duten bost kideek esku artean hiru egitasmo dituzten egitasmoetako bat da Birziklatze Laborategia. Jabi Bergara da kideetako bat eta Beleixe Irratian (FM 107,3) esan duenez, krisiaren ondorioz gizarte ohiturak aldatu dira, “krisiarekin kontsumoa murriztu dugu eta hau bukatu ondoren espero dut gizartea pentsatzen jarraitzea hau ezin dugula mantendu duela 10 urteko erritmoarekin. Ez dago orekatuta. Jendea poliki-poliki hasi da berreskuratzen eta dauden gauzekin gauza berriak egiten ere”. Birziklatzea, berrerabilpena eta murriztearen aldeko apustua egin dute haiek.

Hala, ibarreko mendietan eta udaberriko kolore txurian inspiratutako aurreneko altzari-bilduma sortu dute Batutakoek: Sakana zuria. Paletak aulkiak egiteko erabili dituzte; sofak egiteko pertsianak; bizikleten pedalekin eta gurpilekin arropak zintzilikatzeko esekitokiak… Txuriak eta urdinak. “Bildumatik kanpo dauden beste gauza batzuk ere egiten ditugu: loreak jartzeko gurdiak, zintzilikario txikiak…” argitu du Bergarak.

Jardun gehiago
Birziklatze Laborategiak beste hiru jarduera atal ere baditu. Haietako bat altzarien berreskuratzea da, “jakintza dugunez, gauzak konpontzen ditugu”. Hirugarren atalari Egizu zuk zeuk izena eman diote. “Zerbait egiteko asmoa izan dezakeen pertsona edo taldeei zuzenduta. Egin nahi duten hori egiteko tresnarik, ideiarik edo tokirik ez badute laborategiarekin harremanetan jarri eta laguntzeko eta erakusteko prest gaude” esan du Bergarak Beleixe Irratian (FM 107,3).

Hezkuntza da Birziklatze Laborategiak duen laugarren eta azken atala. Lan jakin bat nola egin azalduko lukete Batutakoek. “Horregatik, birziklatzeari buruzko ikastaroak ematea pentsatzen ari gara”. Edo repair café modukoak antolatzea. “Tailer bat prestatu eta hitzorduak jartzen dira jendea biltzeko, hilean behin edo bitan. Jendeak konpondu beharra duten gauzak eramaten dituzte eta han konpontzen dakien jendearekin elkartuko da”. Egitasmoa prestatzen ari dira eta udalei aurkeztuko diete “herria sortzeko beste modu bat baita. Egoteko modu ezberdin horrek herritarren artean harremanak zabaltzeko balio du” ziurtatu du Batutakoak.

Zabaltzen
Birziklaketa Laborategiaren altzari bilduma Etxarriko Zorri Azokan, Olatzagutiko azoka berezi batean eta Altsasuko maiatzeko gurutzeko azokan izan da ikusgai. Horretaz aparte, Etxarriko Osto-Gorri dendan altzari bat dute, baita Iruñeko Dormitaleria 54n ere. “Erantzun ona baina salmenta eskasak”, laburbildu taldeko kideak. Iruñerriko Mankomunitatea Batutakoekin harremanetan jarri da haien blogean euren altzariak erakusteko.

Etorkizuneko asmoa da web orri bat jendeak balio ez duten gauzak han ikusgai jartzeko.
Sakana da haien lan eremua. “Lortu behar dugu guztien arteko harremanen bidez bigarren eskuko gauzak mugitzea. Gauza berriak ez erostea. Agian aldamenekoak du behar duzun hori eta ez du erabiltzen”.

Harremanetarako
birziklaketalab.blogspot.com.es
Batuta.sakana@gmail.com