San Juan baleontzia, gertuago

Guaixe 2014ko ekainaren 26a

Ontziaren gila kokatu zuten eta hemendik aurrera lanak bisitatu ahal izango dira. Baleontziaren egurra Sakanatik eraman dute.

Donostia 2016 Europar Kultur Hiriburutzako proiektuaren egitasmo nagusienetakoa XVI. mendeko San Joan baleontziaren errepika izanen da. Asmoa da baleontzia enbaxada mugikorra izatea, eta bide batez, Euskal Herriko ontzigintza osatzen zuten lanbide, industria, hornitzaile eta kolaboratzaile sarea dinamizatzea.

San Juan baleontziaren errepika Pasai San Pedroko Ondartxoko Askorreta ontziolan egiten ari dira, Albeola fundazioak eta Donostia 2016 fundazioak bulkatuta, eta asteazkenean ontziaren bizkarrezurra kokatu zuten: ontziaren gila. Halaber, hemendik aurrera ontziola zabalik egonen da interesatuen bisitak hartzeko. Ekitaldia festa bilakatu zuten eta Kukai eta Oreka TX taldeek emanaldi polita egin zuten. Bertan Gipuzkoako, Donostiako eta Pasaia aldeko alkate eta zinegotziak, kultur eragileak eta Sakanako Mankomunitateko eta udaletako ordezkariak izan ziren. Tartean zeuden Mank-eko presidente Aitor Karasatorre eta Adolfo Araiz gerentea, Sakanako Garapen Agente Iker Manterola, Etxarri Aranazko alkate Joxi Bakaikoa, Altsasuko alkate Garazi Urrestarazu, Ergoienako alkate Maribel Senar, Dorraoko kontzejuko Garbiñe Hurtado, Unanuko kontzejuko ordezkariak, Joxe Mari Alegria basozaina eta beste hainbat udal eta kontzeju ordezkari.

Egurra, Sakanakoa
Izan ere, gauza jakina da San Joan baleontziaren errepika egiteko egurra Sakanako basoetatik atera dela. Aurreko urtean Sakanatik 200 haritz enbor eraman ziren Zeraingo zerrategira asmo horretarako. Zerra-lanetarako, gainera, bi langile sakandar kontratatu zituzten. Enborrak moztu ahala Ondartxora eramaten dituzte, baleontzia han eraikitzeko. Asteazkenean ontziaren gila kokatu zuten eta hortik aurrera, baleontzia osatzeko lanekin jarraituko dute.

Altsasun abiatuko da ontzigintzaren “bidea”
Euskal ontzigintzaren urrezko aroa azaltzeko barruko aldetik kostaraino doan “bidea” osatu nahi dute proiektuaren sustatzaileek. Bidea Sakanan hasiko da, ontzigintzan erabiltzeko basoak nola kudeatzen ziren erakutsiko duen ibilbide batekin. Aurten eginen dute. Altsasun egonen da, Dantzalekura iritsi aurretik dagoen aldapan, ezkerretako bide batetik abiatuko litzateke eta Usolarrainen bukatuko litzateke.

Sakanako hariztietan azalpenak jaso ondoren, Zerain zerrategitik eta Beasain edo beste herrietako oletatik pasaz Ondartxoko Askorreta ontziolan bukatuko du interpretazio ibilbideak. Herrietako museo eta bestelako baliabide turistikoak hartuko lituzkeen sarea osatzeko aukera legoke.

San Joan baleontzia
22 metro luze, 7,5 metro zabal eta 200 tonako pisua izanen du baleontziak. San Joan baleontzia 1.563an eraiki zuten Pasaian eta bi urte geroago hondoratu zen, Kanadako Red Bayn. Hantxe jarraitzen du gaur egun. Unescoren munduko urpeko ondarearen zigiluan agertzen da baleontzia.