Sakanako Plan Estrategikoa garatzeko teknikaria behar da

Guaixe 2014ko ekainaren 26a

Interesatuek garilaren 4a baino lehen aurkeztu behar dute curriculuma

Sakanako Plan Estrategikoa aurkeztu zuten duela gutxi aipatu plana bulkatu duten eragile sakandarrek. Bada, aipatu plan estrategikoa garatuko duen langile edo teknikaria behar da. Sakanako Garapen Agentziaren baitan, industria eta energiaren arloan, lan deialdia egin da.

Zehazki, Sakanako Plan Estrategikoan biltzen diren ekintzen garapena egin beharko du kontratatuko den langileak: eskualdeko industriaren egoera eta gaitasun tekniko-teknologikoen azterketa; ikerketa, berrikuntza eta garapen programa eta ekimenen azterketa eta informazioa; enpresen arteko elkarlana sustatzea hainbat esparrutan (berrikuntza, komertzializazioa, ekintzailetza partekatua, internalizazioa…); Eskualde Garapena eta enpresen kokapen estrategikoa lantzeko, alde askotariko proiektuen kudeaketa; eta, berrikuntza teknologikoa, I+G+T eta teknologia transferentziaren arloko zerbitzuak.

Lanpostuaren eskakizunak
Eskakizunak honakoak dira: Ingeniaritza Industrial, Ekonomia edo Enpresen Administrazio eta Zuzendaritzan lizentziatu edo diplomatu titulua; 3 urteko esperientzia; EGA tituluaren ziurtagiria edo proba baliokidea; ahozko eta idatzizko ingelesa ezagutza ertaina edo altua; eta gidabaimena eta ibilgailu erabilgarria.

Garilak 4
Izena emateko epea. Curriculumako ondoko helbidera bidali: garapena@sakana-mank.com. Informazio gehiagorako: Nafarroako Lan Zerbitzua.