Areto Futboleko Kluben Arteko Estatuko Txapelketa antolatzen du anfs.es elkarteak (Asociacion Nacional Futbol Sala). Bertan, areto futboleko talde amateurrak lehiatzen dira. Lehenik eta behin, probintzietan jokatzen da txapelketa, eta probintzia bakoitzeko onenak lehiatzen da estatu mailakoan.
Koxka taberna aipatu txapelketan aritu da. Lehiatu eta irabazi, gainera. Sakanako taldeak Araban parte hartu du. “Bertan ezagunak ditugu eta bertan lehiatu gara. Miranda de Ebron jokatu genuen txapelketan sailkatzeko aurre txapelketa. Errioxako talde baten eta Miranda de Ebroko talde baten kontra aritu ginen eta irabazi genuen. Horrela, Estatuko Txapelketan aritzeko txartela lortu genuen” azaldu digu Jose Ramon Ramirezek, Koxka tabernako entrenatzaileetako batek.
IV. Kluben Arteko Estatuko Txapelketa asteburu honetan jokatu da, Guadalajaran. Guztira 22 talde lehiatu ziren, 16 gizonezkoetan eta 6 emakumezkoetan. Larunbatean sailkatutako taldeak multzotan banatuta aritu ziren eta ligaxka jokatu zuten. “Lehen partidan 5-0 irabazi genion Santanderreko talde bati. Bigarrenean 2-0 galdu genuen Guadalajarako taldearen kontra eta, hirugarrenean, 5-3 irabazi genion Madrileko taldeari. Horrela, igandean final laurdenak jokatzeko sailkatu ginen” gaineratu du Ramirezek.
Igandean Zaragozako taldea izan zuten aurkari final laurdenetan, eta Koxka tabernak 4-3 irabazi zien. Final erdietan Iruñeko Mecanizados Gerinda taldea izan zuten aurkari. “Partida lehiatuan, 5-3 irabazi genien” dio Ramirezek. Eta final handian Valladolideko Panificadora La Gloria taldearen kontra aritzea tokatu zitzaien sakandarrei. Azken unera arte oso lehia borrokatua izan zen, baina bukaeran 4-1 irabazi zuen Koxka tabernak, eta San Pedro eguna Guadalajarako kantxan ospatu zuten sakandarrak, kopa altxatuta. “Oso kontentu gaude egindakoarekin” adierazi dute Koxka taberna taldetik.
Hurrengo erronka: Europa
Kluben Arteko Estatuko Txapelketa irabazi izangatik, hurrengo urtean, maiatza aldera, Koxka Tabernak Talde Amateurren Europako Txapelketa jokatuko du. Oraindik ez dago erabakita non jokatuko den aipatu txapelketa baina Koxka tabernakoak gogotsu daude bertan aritzeko.
Koxka taberna
Jokalariak: Jose Retegi, Patxi Beraza, Jonathan Medina, Arkaitz Gasko, Jonathan Higuero, Kiko, Raul Mariscal, Jorge Mayordomo eta David Teran. Entrenatzaileak: Migel Barrero, David Garcia eta Jose Ramon Ramirez.
www.anfs.es
Txapelketako informazio guztia.