.EUS nabigazioa hasi da

Guaixe 2014ko uztailaren 1a

Larunbataz geroztik 92 aitzindari .EUS domeinuarekin dabiltza sarean.

Abenduaren 3ra arte, Euskararen Nazioarteko Egunera arte, 92 aitzindari horien .EUS domeinu-izenak izanen dira horrela aktibatuak egonen diren bakarrak. .EUS “abizena” Interneten zabalduko dutenak eta munduari adieraziko diotenak badela komunitate bat euskaraz ari dena eta euskal kultura jorratzen duena. Aitzindari zerrenda 9 enpresak, 23 erakunde publikok, 14 hedabidek eta euskal kulturgintzako 46 erakundek osatzen dute. Guztiek Puntu.Eus fundazioari diru-ekarpenak egin edo bestelako laguntza eman diote.

Puntu.Eus fundazioko buru Juan Mari Torraldaik azaldu duenez, “domeinuaren Aitzindarien zerrenda, zerrenda oso anitza da, izaera, dimentsio eta jatorri ezberdineko entitateak biltzen dituelako”. Aniztasun hori .EUS Domeinuaren izaera inklusiboaren isla zuzena dela uste du Torraldaik.

Aitzindarien artean daude euskarazko tokiko komunikabideak biltzen dituen www.tokikom.eus, herri ekimeneko hedabideen elkartea, www.hekimen.eus edota herrietako euskaltzaleak saretzen dituen erakunde: www.topagunea.eus.  

Hurrengo faseak
Aitzindarien fasearen ondoren, abiarazte-aldia etorriko dela jakinarazi zuen Torraldaik. Bigarren fase hori irailaren 16an hasi eta azaroaren 18ra arte luzatuko da. Abiarazte aldian mota guztietako erakunde publiko, elkarte eta enpresek euren domeinu-izenak eskatu ahal izanen dituzte, lehentasunez, publiko orokorrera ireki aurretik. Denbora tarte horretan eskatzen diren domeinu-izen guztiak abenduaren 3an aktibatuko dira, Euskararen Nazioarteko Egunean. Data horretan zabalduko da .EUS Domeinuaren Fase Irekia edo Orokorra, nahi duen guztiari zabalik izanen dena.

PuntuEus Fundazioa
www.domeinuak.eus / info@domeinuak.eus / 665 770 945