Gure diruarekin hondartzara joango dira edota nazioartera bidaiatuko dute. Ustelkeriak aberastu dituztenak ere oso pozik ibiliko dira uda garaian leku batetik bestera, hegazkinak hartzen eta Taj Mahal eta beste leku miragarriak ezagutzen. Gu berriz, lehengo garaietako oporretara bueltatuko gara. Etxean gozo-gozo edota soroan lanean.
Etxarriko Manolita Garziandia Urrestarazu zena oso emakume atsegina zen, bihotz onekoa eta kultura handikoa. Behin galdetu nion ea bere garaian zer nolako oporrak zituzten, eta hauxe izan zen bere erantzuna:
“Gazte denboran goizean jaikitzen ginen, hartzen ginuen gosaria eta gure jolasak ziren edo soka batekin saltokan ibili edo bestela astoka, edo makila handi bat hartu eta, bueltaka, makila haren gainean saltatu, eta bakarren batean jotzen baldin bazobien, zer mina, hala ezta? Gero barandauan saltatzen ginen, edo tabakan, edo mutikoek boluekin txuloka, eta holako kontuak.
Alubitara de bei. Alubita ere ibiltzen ginen. Lurrean txulo txiki bat egiten da eta han sartzen dira alubiak. Zenbat jokazale diren, hainbeste alubi, eta klaro, hobenean izaten dira alubiak denak diferenteak, txuriak, gorriak, ñabarrak eta denetatik, eta harri batekin jo egiten da eta jotzen duen harrek zenbat alubi ateratzen dituen alubi horiek irabazten ditu, eta holaxen.
Eta gero etxera faten ginen garaian, etxean hobenean lasterkan bazkaria ematera sorora, aitari eta amari, edo zein zen soroan hari bidali, hala ezta? pionari, edo senidea baldin bazen edo nola zan, hala.
Gaurko egunean asko kexatzen gara, baina askoz hobeki bizi gara. Gorrotina eta gauzok sekula izan da guai bezala, zengatik leheno ateratzen zinen atarira eta beti egun on, atsalde on, gabon, gero arte, ongi zaudie? zerbait esan behar, eta guai pasatzen zara bakarren baten ondotik eta txakurran ondotik pasatuko zinakeen bezala, ezta kasurik ere. Eta mina ematen dau. Pena garbia da hori.
Leheno, faten bazinen etxe batera mesedea eskatzera beleixeko dena eskaintzen zakion, baina gaurko egunean ez do eskaintzerik eta inorengana faterik ere … Eta pena ematen dau. Gauza horren beiten askoz hobeki bizi ginen, denekin alkarrekin, ongi eta hola, eta guai gorrotina besterik ez do leku guztietan eta penagarria da.”
Uda iritsi da eta maite gaituztenekin egotea izango da guretzat oporrik hoberena. Ez du axola non. Etxean baino hobeki, inon. Kantak dioen bezala ez gara aberats diruz, ezta ere oinetakoz, eta halere, pozik. Ez gara lapurrak eta lagunak baditugu. Atarian hamaka ipiniko dugu eta handik, Gin-tonika eskuan, egun on, atsalde on edota gabon esango diegu kaletik pasako diren gure adiskide guztiei.