Materia organikoaren gaikako bilketan ahalegin berezia egiten duten erakundeak daude Nafarroan, horien artean Sakanako Mankomunitatea. Nafarroako Hondakinen Partzuergoak ahalegin hori nola saritu aztertzeko lan batzordea sortuko du. Partzuergoak garagarrilaren 19an hartu zuen erabaki hori eta Mank-eko buru Aitor Karasatorre Muguruzak “pozik” hartu zuen. “Kutsatzen duenak ordaindu dezala edo gaika banatzen ez duenak gehiago ordaindu dezala irizpideak defendatuko ditugu partzuergoan”, azaldu du Karasatorrek.
Sortutako hondakin kopurua, gaikako bilketa maila edo tratamendurako partzuergoari emandako tona kopurua moduko irizpideak kontuan izan gabe, Nafarroako Hondakinen Partzuergoak orain arte tasa bakarra kobratzen die herrialdeko mankomunitateei. Karasatorrek nabarmendu du bi urte daramatela tasa horren aldaketa eskatzen: “tasa bakarrak ez du sustatzen herritarrak hondakinen banaketan bustitzea eta, gainera, hondakinak nahasita ematea bultzatzen du”. Horregatik, partzuergoak Europako hondakinen araudiari buruzko printzipioa bere egitea eskatu du: kutsatzen duenak ordain dezala.
Ereduak
Mank-eko buruaren proposamena partzuergoak mankomunitateei bi irizpideren arabera kobratzea da: tratamendurako emandako hondakin tona kopuruaren eta frakzio bakoitzaren (errefusa, organikoa, tamaina handikoak…) tratamenduaren kostuaren arabera. “Hala kobratuko balitz Europako irizpidea beteko litzateke eta gaikako bilketaren hobekuntzaren, hondakinen ekoizpena txikitzearen eta birziklatzearen aldeko ahaleginaren arabera sarituko litzateke”, dio Karasatorrek.
Ibarreko erakundeko presidenteak azaldu duenez, 2004tik Katalunian isurien (gerora ere errausketa gaineko) kanona indarrean dago eta jasotako diruen erdia gutxienez zati organikoaren tratamendura bideratzen da eta gainontzekoa hondakinen kudeaketa ekintzetara bideratzen da. Gipuzkoa eta Bizkaiko partzuergoek emandako tonen gaineko tratamendu kosteak kobratzen dizkiete toki erakundeei. Karasatorrek Sakanako herri batzuetan %80 birziklatzen dela eta sakandar horiek hondakinak banatzen ez dituztenek bezala ordaintzea ez dela bidezko azaldu du.
580.000 euro
Diru hori ordaindu zion 2012an eta 2013an Mank-ek partzuergoari. Hala ere, 2013an Mank-ek 1.500 tona hondakin gutxiago (%22,62) eman zituen, atez atekoa eta sistema mistoa indarrean jarri zirelako. Hondakin bilketan ahalegina eginda ere tasa bera ordaintzeagatik kexu da Mank.