Altsasuko enplegu bulegoan astelehenean izena emanda zeuden sakandarrak 1.365 ziren, aurreko hilean baino 99 gutxiago. Iruñeko Zabalguneko bulegoan izena emanda dauden irurtzundar eta arakildarren datua falta da pasa den hileko ibarreko langabetu kopura izateko. Bestalde, aurreko hilean Altsasuko bulegoan 538 kontratu sinatu ziren, haietatik soilik 24 izan ziren mugagabeak.
Hilabetea 47.107 langaberekin itxi da Nafarroan, aurreko hilean baino 2.049 pertsona gutxiago daude izena eman enplegu bulegoetan (% 4,17). Pasa den urteko garagarzaro akaberarekin alderatuz gero 4.314 langabe gutxiago dago (% 8,39). Generoari dagokionez, 25.062 emakume daude langabezian (% 3,25 behera) eta 22.045 gizon (% 5,19 behera).
Nafarroako Enplegu Zerbitzuko zuzendari kudeatzaile Mª Isabel Garcia Malok urte-arteko datuari erreparatu dio: “bederatzi hilabetez jarraian jaitsi da langabezia eta horrek 2013 akaberan sumatutako joera baieztatzen du”. Zehaztu zuenez, jaitsiera “gazteen artean kontzentratzen da, 30 urtez azpikoen artean langabezia % 14,43 jaitsi da azken urtean”.