Pasa den asteko asteartean, eta PPk hala eskatuta, Nafarroako Kontu Ganberako ordezkariak Nafarroako Parlamentuko Toki Administrazio batzordean izan ziren Sakanako Mankomunitatearen 2012ko fiskalizazio txostena azaltzeko. Kontu Ganberako presidente Helio Robledak azaldu zuenez, Mank-en “adierazle nagusiek egoera saneatuan dagoela erakusten du. Ohiko gastuak ohiko diru-sarrerekin estaltzen dira eta erakundeak zorpetzeko gaitasuna du”. Robledak nabarmendu zuen Mank-ek plan estrategikoa izatea ona dela, “planifikaziorako kezka erakusten duelako”.
Mank-en fiskalizazio txostena egin zuen Kontu Ganberako langile Asun Olaetxeak ibarreko erakundean opatu zuen aldeko jarrera azaldu zuen: “azterketa egin ahala azaltzen ziren akatsak ahal zela momentuan zuzentzen zituzten. Eta egindako gomendioetako batzuk dagoeneko indarrean daude edo bideratuak”. Azken horietako bat hutsik dauden dozena bat lanpostu betetzea da. Dagoeneko Mank-ek kontu-hartzailea aukeratzeko deialdia egina du. Edo Jai-Busa kontratatzeko deialdia zabaldu da.
Kezka iturria
Parlamentuko batzordean dauden alderdiek Mank-en kudeaketa onagatik “poztu” ziren. Hala ere, PPk, UPNk, PSNk ibarreko erakundearen kontuetan eragina izan dezakeen helegite bat aipatu zuten. Urdalurko ur ematea Lakuntza eta Uharte Arakil artean luzatzeko lanak dira Nafarroako Administrazio Auzitegian daudenak. Obra-zuzendaritzaren arabera egindako lanek 644.551 euroko (BEZ barne) balioa dute, lanak egin zituen enpresarendako, berriz, 1.349.484 euro.
2012ko otsailaren 7an adjudikatu zuen Mank-ek 1.021.048 eurotan (BEZ kanpo). Lanak hasi eta hiru egunera, ordea, gelditu egin ziren, sei hilabete eta erdiz, desjabetze bidean zeuden ondasunen jabeek ez baitzuten pasatzeko baimenik eman. 2012ko irailaren 1ean hasi ziren berriro. Obra-lanak 2013an amaitu ziren eta kitapena egiteko dago oraindik. Uharte Arakil eta Irañetako adarrak ez dira egin. Batzar Orokorrak 13.324 euroko zigorra ezarri zion enpresa adjudikaziodunari, lanak 109 egun beranduago amaitzeagatik.
Obra-zuzendaritzaren azken ziurtagiriaren arabera, eginiko obra lanen kostua 644.551 euro da (BEZ barne). Ziurtagirian “hobekuntzak” kontzeptuagatik sartuta zeuden 91.719 euro kendu dira. Izan ere, proiektuari egiten zaizkion hobekuntzek (teknikoak edo materialen kalitatean) ez dakarte prezio-igoerarik, baldintza-agirian jaso eta adjudikazio egiterakoan kontuan hartu baitziren. Esan bezala, enpresak 1.349.484 euro eskatzen ditu.
Aipatu obrak bi proiektu ditu. Batetik, Nafarroako Gobernuaren hiru urteko planean sartu zena eta, bestetik, lizitatutakoa. Obra lanen betetze-kostu osoa berdintsua da, baina badira aldaketa batzuk obra-unitateetan eta aurrekontu-sailetako aleko prezioetan. Mankomunitatea eta obra-zuzendaritza, batetik, eta enpresa kontratuduna, bestetik, ez dira ados jartzen prezioei eta egiaztatutako obra-unitateei dagokienez. Enpresak ez zituen lehen hiru ziurtagiriak sinatu eta laugarrena eta azkena ados ez zegoela esanez sinatu zituen, zuzendu ondoren adjudikatutako prezio eta obra-unitateetara egokitzen baziren ere. Hasieran, Nafarroako Gobernuan aurkeztutako proiektuaren arabera egina zen egiaztapena.
Lanak ordaintzeko Mank-ek Nafarroako Gobernuaren 889.629 euroko diru-laguntza jaso zuen, proiektu aldaketa ikusita 294.985 euroan murriztu zuena. Horretaz aparte, Mank-ek 223.564 euroko mailegua eskatu zuen.