Antsietatearen ondorioak gorputzean sentitzen ditugu (tentsio muskularra, kontzentratzeko zailtasunak, lo egin ezina, botagura, zorabioak, arnasketan zailtasunak…) baita portaeran eta maila psikologikoan ere (kontzentratzeko zailtasunak, geldi egoteko zailtasunak, suminkortasuna, beldur handia, ihes egiteko gogoa, kontrola galtzeari beldurra…).
Antsietatearekin erlazionaturik kontzeptu ezberdinak daude, oinarrizkoenak beldurra eta estresa dira. Beldurra sentitzea, berez, ez litzateke negatiboa izango. Arrisku baten aurrean gorputzak ematen duen erantzuna da. Gure gorputzak mezu bat bidaltzen digu, arriskuen aurrean arreta jar dezagun: gure burua babestearekin erlazionaturik dago.
Baina antsietatearekin, momentu oro arrisku baten aurrean egongo bagina bezala sentitzen gara. Ondoeza handia sentitzeaz gain, honek gure osasun fisikoan ere eragina du. Gure organismoa sufritzen hasten da, hau ahulagoa bihurtuz.
Hau guztia, sufriarazten dugun sintoma bat da. Beraz, gutaz arduratzea eta honen atzetik dagoenari aurre egitea gure esku dago. Gure bizitzan gertatzen ari zaigunari arreta jartzea ezinbestekoa da: zer nolako bizimodua, harremanak… ditudan, nire buruarekiko exijentziak, pentsamenduak, sinismenak… nolakoak diren eta nondik datozen, zeintzuk diren nire benetako mugak, zer ari naizen saihesten nire bizitzan (bai nire harremanetan, baita nire nortasunari dagozkion alderdi ezberdinetan ere). Beraz, begirada barrurantz eraman eta hor gertatzen ari denari arreta jartzea, lehenengo pausoa ematea izango litzateke.