Ibarreko erakusleihoen erakusleiho: Sakanaklik

Guaixe 2014ko uztailaren 3a

Batutako kide, Luis Diaz eta Felicia Climescu
Ibarreko jarduera sozio-ekonomikoa eta kultur arlokoa dinamizatzeko asmoa du www.batuta.eu-k.

Batuta taldeko kideek Birziklatze Laborategiarekin batera beste bi proiektu garatu dituzte: Sakanaklik web gunea eta hur olio ekoizpena. Aurrenekoan Luis Diaz altsasuarra eta Felicia Climescu ihabardarra buru belarri ari dira lanean. Azaldu digutenez, web orriaren ideia SNEINN programako parte-hartzaileen arteko elkarrizketetatik sortu zen.

Batutako bost kideak gogoz ari dira hiru proiektuak aurrera ateratzeko lanean, “horiek ongi garatu nahi ditugu, orain ez dute dirurik ematen, baina etorkizunean ekarriko duela espero dugu”. Elkarlanaren balioa berretsi dute, “bat bestearen kontra aritzea baino hobea da”.

Web orriaz galdetuta, Climescuk esan digunez, “kalera galdetzera joan ginen eta jendeak esan zigun, dendari batzuk tartean, Sakanako komertzioen eskaintza bateratzeko eta Interneten erakusteko beharra sumatzen zutela. Jendeak esan zigun hor lan aukera bat zegoela. Horrela sortu da Sakanaklik web orria”. www.batuta.eu orrira sartzen denak ibarreko eskaintzak edo Sakanan opatu daitezkeen merkataritza eskaintzak jasoko ditu. “Sakanaklik, turismorako, saltokiendako eta zerbitzuendako sakandarron erakusleihoa. Bai Sakanan bai Sakanatik kanpo ekoizleek, komertzioek eta industriak beren berri emateko modua da weba”, azaldu digu Diazek.

Zergatia
Biek ere azaldu digute www.batuta.eu -ren helburua eskualdean pertsona eta diru mugimendua sustatzea dela. “Asmoa Sakanako komertzioaren eskaintza aurkeztea da baina, batez ere, Sakanako sentipena batzea. Ibarreko punta batean edo bestean dagoena zer dagoen edota nortzuk garen ezagutaraztea. Izan ere, badirudi Irurtzungo batek Altsasun zer dagoen ere ez dakiela, eta alderantziz”, esan digu Climescuk.

Diazek gaineratu duenez, “gure ideia da jendeak Sakanan zerbait opatzeko beharra badu, sar dadila www.batuta.eu-n eta han jakinen du hemen eros dezakeen eta non. Hala ez du Iruñera joan beharrik izanen, jakinik hemen badagoela”. Batutako kideek jendea web orrian sartzera eta iritzia ematera gonbidatu dute, “feedback-a jaso nahi genuke”.

Atalak
Web orrian sartuta, Diazek azaldu digunez, lehen lehenik argazki handi batekin eginen dugu topo. Hor txandakatuz agertzen dira Sakanaklik zerbitzua kontratatu duten komertzioen iragarkiak edota eskaintzak, laguntzailenak.

Baina www.batuta.eu web orrian pisu berezia duen atala Sakanako Gida Orokorra da. Ibarreko hainbat komertzioren, industriako enpresen, “edozein jarduera ekonomiko” agertzen da gida horretan. 724 jarduera ditu gidak gaur egun eta jarduera bakoitzaren izena, harremanetarako telefonoa eta helbidea ageri dira. Gida horretan agertzea doakoa da. “Sakanari zer daukagun erakutsi nahi diogu gida horrekin. Batzuetan zerbait bilatzen saiatzen gara eta ez dago modurik, datuak zaharkituak daudelako, baina www.batuta.eu-n dena bildu dugu”.  

Festalari izeneko atalean, Batutakoek herrietako festen berri ematen dute. Gure Kultura izeneko atala lantzen ari dira gaur egun. Hor ibarreko kultur adierazpideen berri emanen dute Sakanaklik-koek. Web orria herrietako zerbitzuen berri ematen duen atalak eta berriei zuzendutako beste batek osatzen dute.




Hur-olioa
“Gazta dugun moduan, etorkizunean beste produktu bat izan dezakegu Sakanan hur-olioa”. Hala azaldu zuen Jabi Bergarak Beleixe Irratian (FM 107,3) Batutak esku artean duen hirugarren egitasmoa, hur-olioa ekoiztea, horrela bertako baliabide bati, hurritzei balioa emanez, “Sakanako ekoizpenarekin hur-olio ekoizle izan nahi dugu”.

Hur-olioa kosmetikan maila altuko osagai gisa erabil daiteke. Onura asko ditu, hidratatzailea eta arina da. Elikagai gisa, gordinean erabilita, gourmet produktua da, urrek berezko usain eta zaporea baitute. Lehen probak eginak dituzte eta ekoizle izateko bidean osasun baimena bideratzen ari dira gaur egun. Udazkenerako zerbait egitea espero dute.

Hurritzak ekoizleei deia
Lakuntzan, Etxarri Aranatzen, Iturmendin… hurritzak dituztenen kontaktu batzuk baditugu, baina hur asko beharko ditugu. Baina gehiago izatea ez dago gaizki. Horregatik, Sakandarren parte hartzea garrantzitsua da. Norbaitek hurrak eman nahi badizkigu guk trukean olioa emanen genioke, edo erosteko prest geundeke. Sakanan dauden hurritzen berri jasotzen ari dira pixkanaka eta ez dute baztertu soroak dituztenei horiek landatzera animatzea.

 

 

Harremanetarako
www.facebook.com/kliksakana
batuta.sakana@gmail.com     
660 091 381 (Luis) eta 649 512 182 (Irantzu)