Otsailaren 8an Lekunberrin elkartu ziren Nafarroan aurreikusten diren edo egiten ari diren harrobi eta meategi proiektuen eraginpean dauden pertsona, erakunde eta kolektiboak (28 pertsona). Topaketa haren emaitza Sustrai Erakuntza fundazioak pasa den hilaren hasieran aurkeztu zuen Nafarroako harrobi eta meategi batzuen proiektuari buruzko txostena: Harrobi eta meategiak: gutxi batzuen aberastasuna, gehienon arazoa. Nafarroako meategien proiektu eta ustiapenetara hurbilketa.
Topaketan besteak beste Olatzagutiko kareharri harrobiaz hitz egin zen, baina txostenean bederatzi kasuren berri ematen da eta haietako bi Sakanan daude: Oskia eta Altsasukoa. Harrobi eta meategi guztien fitxa osatu dute aktoreek, gatazka, eraginak eta erantzunak ataletan banatuta. Dokumentua osatzeko, fundazioak akaberan halako egitasmoei aurre egiteko topaketan sortu ziren ideiak jaso zituen, baita helegiteei buruzko erreferentzia laburra ere.
Oskiaz
Canteras Alaiz taldeko Canteras Oskiak 1984tik 2004ra ustiatu zuela azaltzen da. 2010ean lehengoratze plana onartu zela eta hura estalitako ustiapen plana dela nabarmentzen du txostenak. Harrobiak dituen eraginen artean zerrendatu dituztenak dira: paisaia, leherketak sortutako zarata eta hautsagatik molestiak, langileak 20tik 5era pasa direla eta onuradun ekonomikoak kontzejuak direla eta ez udalak.
Oskiari buruz txostenak dio lehengoratze plana ezin dela epaitegietan geldiarazi bide hori jorratu delako. “Gainera, Nafarroako Gobernuak kontzejuei plana gauzatzeko lurrak desjabetu dizkie”. Izako eta Arakilgo Udalek, Nafarroako Gobernuak eta enpresak planaren jarraipen eta kontrol batzordea sortu dutela ere azaldu du txostenak.
Altsasukoaz
Ulaiar dermioan dagoen harrobia Lazaro Echeverria enpresak kudeatzen du (FCC taldekoa). Fundazioak azaldu duenez, Altsasuko harrobiak 40 urte daramatza martxan eta gaur egun enpresak lehengoratze proiektua aurkeztu du, “horrek beste 30 urtez ustiatzen segitzea utziko lioke”. Enpresak bi proiektu aurkeztu ditu. Alde batetik, zaina sakonago ustiatzeko eta, bestetik, mendi lerroa etorkizunean ustiatuko lukeena. Enpresa berak Olaberrian eta Ziordian harrobi bana duela ere gaineratzen du txostenak.
Eraginei dagokienez, fundazioak jaso duenez, Ulaiarko harrobiaren jardunak inguruko baserriei eragiten die, “paretak zartatu ditu eta larreak hondatu. Ahate ustiapen bat ere baldintzatu du”. Horregatik, auzotarrek egitasmoari bost alegazio aurkeztu dizkiotela jakinarazi du fundazioak.