Lan eskaintza etxeko atera joka noiz iritsiko zain dauden pertsonek ez dute balio programa horretan parte hartzeko. Langabezian egonda ere mentalitate pasibotik aktibora pasatzeko nahia eta gogoa duten sakandarrak nahi dituzte SNEINN programarako. Ekintzailetasuna sustatzeko eta lan aukera berriak sortzen ikasteko programa da. Eginez ikasiz metodologia erabiliz, langabetuen artean mentalitate aldaketa bat sortzea helburu duena, jarrera proaktibo eta ekintzaile bat har dezaten. Programa martxan jartzeko, antolatzaileek halako eskaintzan interesa duten sakandarrik baden jakin nahi dute.
Pasa den udazkenean eskaini zen estreinakoz SNEINN programa Sakanan. Hiru informazio saiotara joandako 29 sakandarren artean 15 aukeratu zituzten, Batuta taldea osatu zutenak. Haiek lau hilabetez talde lanean eginez ikasi metodologiaren bitartez euren ideiak aurrera eramateko aukerak, moduak landu zituzten eta, horrela, lan aukera berriak sortzen ikasi zuten. Prozesu horretan guztian Mondragon Team Academyko aholkularien orientazioa jaso zuten.
Mondragon Team Academy, Mondragon Unibertsitatearen Enpresagintza Fakultateko Ekintzailetasun Unitatea eta MIK Ikerkuntza eta Kudeaketa zentroa, eta Nafarroako Enplegu Zerbitzuak (NEZ) sustatzen dute programa hori. NEZek Sakana aukeratu zuen programaren esperientzia pilotu gisa eta ordutik herrialdeko beste eskualde batzuetara zabaldu du.
Informazio gehiago
sneinnsakana@gmail.com edo 685 759 056.