Irurtzungo udaletxean egindako ekitaldi xume batekin atzo ospatu zuten Irurtzun aldeko Oinarrizko Gizarte Zerbitzuen Mankomunitatearen 25. urteurrena. Ekitaldian gaur egungo langile eta udal ordezkariekin batera garai batean aritutakoak ere izan ziren. Ekitaldi labur horretan erakundearen ibilbidea eta zerbitzutik pasatako udal arduretan edo lanean aritutako pertsonak izan zituzten gogoan.
Egindako errepaso horretan aipatu zituzten, besteak beste, herriak eta haien biztanleria aldaketa baita oinarrizko zerbitzuan bertan lan egiteko moduan eman diren aldaketa handiak ere. Gaur egun zerbitzuak duen lan zama handia dela nabarmendu zuten eta hurrengo urteetan aldatzeko joerarik ez dela izanen aurreikusi zuten.
Ibilbidearen errepasoan aparteko aipamena merezi izan zuen mankomunitatearen egoitza aldaketak, hura ere bisitatu zuten. San Martin jubilatu elkartean izandako otamenarekin eta familia argazkia atereaz despeditu zuten urteurren ospakizuna.