Joseba Ezkurdia Sanferminetako lau t´erdiko torneoko Aspeko adarreko finalista da. Arbizuarra merezimendu osoz sailkatu da finalerako, Barriola irabaztetik zetorren Jon Jaunarenari Mungian jokatutako finalerdian 18-22 irabazi eta gero. Leitzarrak ezin izan zuen Barriolaren kontra emandako errezitaldia errepikatu, Ezkurdiak izugarri jo zuelako eta arbizuarra gailendu zitzaiolako.
Idoateren Aimar edo kontra
Joseba Ezkurdiak uztailaren 7an jokatuko du Sanferminetako lau t´erdiko final handia, Asegarceko adarreko finalistaren kontra. Hain zuzen ere, Aimar Olaizolak eta Mikel Idoatek larunbatean jokatuko dute torneoko beste finalerdia, Lodosan. Irabazleak Ezkurdia du zain astelehen eguerdian jokatuko den finalean.
Binakakoan Zabaletak Retegi Birekin osatuko du bikoa eta Ezkurdiak Barriolarekin
Igandean festa lehertuko da Iruñean eta horrekin batera Sanferminetako pilota torneoa abiatuko da. Binakakoan, Jose Javier Zabaletak buruz buruko finala galtzetik datorren Retegi Birekin osatuko du bikoa. Uztailaren 8an, asteartean sartuko dira lehian, Idoate eta Albisuren kontra, 22:15ean abiatuko den jaialdian.
Aldiz, Joseba Ezkurdiak astelehenean lau t´erdiko finala jokatu eta gero, uztailaren 9an murgilduko da binakakoan. Barriola lagun, uztailaren 6an galtzen dutenen kontra ariko dira, Berasaluze II.a-Beroiz edo Xala-Rezustaren kontra.