Zabaletak eta Retegi Bik irabaziz abiatu dute Binakako Sanfermin Torneoa

Guaixe 2014ko uztailaren 9a

Barriola, Retebi Bi, Ezkurdia eta Zabaleta.
Ezkurdia eta Barriolak gaur Xala eta Rezusta dituzte zain

Labrit beteta zegoela, Binakako Sanfermin Torneoan murgildu ziren Jose Javier Zabaleta atzelaria eta Retegi Bi. Mikel Idoate eta Albisu izan zituzten aurkari. Hasieran Zabaletak susto txikia eman zuen, partida hasi baino lehen bihurritu txikia izan baitzuen, baina kantxara atera zen Etxarrengoa.

Partida gogorra izan zen –partidak iraun zuen 61 minututan 559 pilotakada izan ziren– eta nahiz eta hasieran bi bikoteak parez pare ibili, Idoatek eta Albisuk akats gehiago egin zituzten eta Zabaletari eta Retegi Biri garaipena erraztu zieten. Aurrelariek tantoa despeditzeko arazoak izan zituzten eta partidan protagonismo handia izan zuten atzelariek. Bikain ibili zen Zabaleta. Azkenean, 22-14 gailendu ziren Aspekoak. Hurrengo aurkariak Aimar Olaizola eta Ladis Galarza izango dituzte, larunbatean, 17:00etan.

Ezkurdia eta Barriolak gaur Xala eta Rezusta dituzte zain
Sanferminetako Binakakoan mustuko da gaur Joseba Ezkurdia. Nahiz eta astelehenean Olaizolaren kontra lau t´erdiko finala galdu, oso itxura ona eman zuen arbizuarrak eta Binakakoan murgilduko da orain, Barriola bikote duela. Lehen partida galtzetik datozen Xala eta Rezusta izanen dituzte aurkari, gaueko hamarretan Labriten hasiko den jaialdian, eta Ezkurdia eta Barriola dira faboritoak. Ea aurreikuspena probatzen den.