Suteak eragozteko udan sua egitea debekatua

Guaixe 2014ko uztailaren 9a

Suhiltzaileak sutea itzaltzen

Urte guztian sua nola erabili zehazten duen Foru Agindua argitaratu du Nafarroako Gobernuak.

Basoetako suteei aurre hartzeko neurriak eta sua kudeaketa tresna gisa erabiltzeko baimenak arautzen dituen Foru Agindua argitaratu du gaur Nafarroako Gobernuak. Araudi horretan herrialdeko baso lurralde guztiak eta mugakide diren eremuak sutea izateko arrisku ertaineko eremu izendapena jaso dute.

Bi banaketa ere jaso ditu Foru Aginduak. Batetik, Nafarroa iparralde eta hegoalde eremuetan banatu du araudiak, Sakana aurrenekoan sartuz. Bestetik, eguraldia kontuan izanik urtea hirutan banatu da araudi horretan: udako aldia (garagarrilaren 15etik irailaren 30era), neguko aldia (ilbeltzaren 1etik apirilaren 30era) eta gainerakoa (maiatzaren 1etik garagarrilaren 15era eta lastailaren 1etik abenduaren 31ra artekoa).

Hiru debeku orokor jaso ditu suteen kontrako araudiak. Lehena, sua erabiltzea zuhaitzez, zuhaixkaz edo sasiz estalitako lur guztietan, larreetan eta belaietan, edota hegiak, ezpondak eta muinoak erretzea. Bigarrena, nekazaritzako lehorreko lurrak erretzea. Eta, azkenik, erretzen ari den edo sute bat sortzeko ahalmena duen edozer botatzea edo uztea, edozein bidetatik joaten diren ibilgailuetatik zigarrokinak botatzea barne.

Araudian jaso denez, pasa den hilaren 15etik irailaren 5era bitarte nekazariek ezin izanen dute uztondorik erre. Baso artean kokatutako soroei ere ezin izanen zaie surik eman. Eta baso, zuhaizti edo sasitza batetik 100 metrotik behera dauden nekazaritzako lurretan, haien azalera 5 hektarea baino handiagoa denean ezinen da ere surik erabili.

Salbuespenak
Gaur argitaratu den araudian jaso dira ere sua nekazaritzako eta basoko lurretan erabiltzeko salbuespeneko baimenak. Hala, uztondoei sua baimenik gabe egiteko aukera izanen dute nekazariek baldin eta Nafarroako Gobernuak esaten badu arrazoi fitosanitario orokorrak daudela. Arrazoi bera lur zati jakin bati dagokionean lurjabeak baimena eskatu beharko du, 15 egun lehenago eta dagokion txosten teknikoa aurkeztuz. Sua egiterakoan, beti ere, legedian jasotako baldintzetan egin beharko da. Udako alditik kanpo nekazari lurretan erreketak egin nahi dituztenek baimena eskatu beharko dute Mendi Zerbitzuan.

Udako aldian landare hondarrak eta inausketa hondarrak erretzea debekatuta dago, salbu eta landare hondarrak deuseztatzeko kasuetan, ureztalurretan edo bestelako nekazaritzako lurretan dauden edo berrogeialdiko organismoak suntsitzeko bada. Hala ere, beti dagokion eskaera aurkeztu beharko da.

Basoan sua udan egiteko salbuespenak hauek dira, beti ere, ezarritako baldintzak betez gero: suteak prebenitu eta itzaltzeko lanetan, langile kualifikatuek egiten dutenean; basoaren osasunarengatik, kaltegarriak diren organismoak erauzi edo kontrolatzeko jarduketetan; suteak prebenitu edo itzaltzeari buruzko prestakuntza jardueretan eta, azkenik, iparraldeko basoetan Nafarroako Gazteriaren Institutuak baimenduak dauden kanpaleku finko ez ibiltarietan.

Neguko aldian ez da baimenik eskatu beharko ereindako larretan sasiak edo txipudietako mozketa hondarrak erretzeko. Neguan larre naturalak hobetzeko eta oihaneko beste lan batzuk egiteko sua erabili nahi dutenek dagokion baimena eskatu beharko dute departamentuan.

Beste neurri batzuk
Araudi onartu berriak debekatu egin du uda garaian hegoaldean sua aisialdirako erabiltzea barbakoa eta antzekoetan. Iparraldean egokitutako tokietan eta bide bazterreko atseden guneetan sua pizteko aukera izanen da. Urtearen gainontzeko egunetan sua egokitutako tokietan besterik ezin izanen da piztu. Material piroteknikoa, suzko tresnak edo globoak erabiltzeko arauak ere zehazten dira Foru Aginduan. Zenbait salbuespenekin, baina uda partean debekatuta dago ibilgailu motordunekin eta beste makina batzuekin zirkulatzea mendiko pistetan eta lurzoru urbaniza ezinean.