Hemen dira Sakanako Uda-Ikastaroak

Guaixe 2014ko uztailaren 10a

Pasa den urteko udako ikastaro bateko saio bat.

Sakantzen Sareak bigarren urtez antolatu ditu, sakandarrei prestakuntza eskaintzeko eta ibarreko ekimen berriez informatzeko helburuz.

Astelehenetik hilaren 27ra bitartean izanen dira Sakantzen Sareak antolatutako Sakanako Uda-Ikastaroak. Horiek antolatzeko garaian sareko kideek sakandarrei prestakuntza eskaintzea dute helburu. Lau ikastaroetatik bi, gainera, Sakanan sortu berri diren bi elkarterekin elkarlanean antolatu dituzte: nekazaritza birsortzailea lantzen duen Mandoibai elkartea eta Sakanako historia lantzen duen Ezpilleta elkartea. Bi ekimen horien berri emateko bitarteko ere bihurtuko dira Sakantzenen uda-ikastaroak.

Pasa den urtean estreinakoz antolatu zituen sareak udako prestakuntza saioak. Orduko hartan enpresa berriak sortzeko asmoa zuten pertsonei laguntza zein prestakuntza eskaini eta Sakanako ekintzailetasuna indartzeko asmoz antolatu zituzten ikastaroak. Sakantzen Sareko kideek aurtengo ikastaroez adierazi dute: “mundua zein eskualdea aldatzen doazen heinean, eskualdeko beharrak ere aldatzen doaz eta aurtengo udako ikastaroei begira hainbat lehentasunezko behar identifikatu ditugu”.

Sakantzen Sareak Cederna-Garalur, Nafarroako Gobernua, Europako Leader Programa, Sakanako Garapen Agentziaren eta Utzugane, Sakanako Garapen Gunearen babesaz eta laguntzaz antolatu ditu ikastaroak.

Izena ematea:
sakantzensarea@gmail.com helbidera idatziz eta 685 75 90 56 telefonora hots eginez. Toki mugatuak daude.


Ikastaroak  
Web gune baten instalazio eta moldaketa azkarra
Garilaren 14an, astelehenean, 9:00etatik 13:00etara eta 15:00etatik 18:00etara Arbizuko Utzugane, Sakanako Garapen Gunean. (7 ordu)

Webgune baten instalazio eta moldaketa azkarra landuko da. Ikastaroaren helburua webgune bat sortzeko behar den jakintza eskuratzea da, doako blog batetik domeinu propiodun webgune oso bat arte. Ikastaroan bi CMS ezagunenak diren Wordpress eta Joomla! nola instalatzen diren ikasiko dute ikasleek, eta bertan aldaketak egiteko sistemak aztertu, bakoitzaren indargune eta ahulguneak azalduz.

Irakaslea: Galder Gonzalez Larrañaga. Geologian lizentziatua, Primatologian graduondokoa eta "Euskal Pentsamendu Kritikoa XX eta XXI. mendean" masterra. Orain dela 3 urtetik Fhorma Promo S. L.n lan egiten du, web garapen, diseinu eta sorkuntza lanetan.




Komunikazio estrategikoa: produktu eta kanpainak lantzeko irizpide minimoak
Garilaren 18an, ostiralean, 17:00etatik 20:00etara eta garilaren 19an, larunbatean, 10:00etatik 14:00etara Arbizuko Utzugane, Sakanako Garapen Gunean. (7 ordu)

Komunikazioa enpresa, elkarte, erakunde zein pertsona askorendako atal klabe bat da. Ikastaro horren helburua komunikazioa planifikatzeko prozesua ulertzea eta ezagutzea da. Horretarako, iragarlearen zerbitzura dauden komunikazio teknikak eta beren aplikazioa ezagutzeko aukera izanen da. Bestalde, lan taldearen bidezko komunikazio plan baten garapena eta proposamenean praktikatzeko aukera izanen da.

Irakaslea: Itziar Amunategi Barandika: Komunikazioan lizentziatua eta Masterra Entrepesa Komunikazioan. Postgradua Komunikazio Zuzendaritzan. Aspaldidanik komunikazio eremuan lanean enpresa publiko, pribatu, instituzio eta herri mugimendu ezberdinekin, egun Basquetourren lanean.




Sakanako Historia
Garilaren 22an eta 23an, asteartea eta asteazkenean, 18:00etatik 20:30era Arbizuko Utzugane: Sakanako Garapen Gunean eta garilaren 27an, igandean, 10:00etatik 13:30era Uharte Arakilgo Plazan. (8,5 ordu)

Sakandar askorendako ezezaguna da gure ibarraren bilakaera historikoa. Hori apurtu nahian, oraintxe sortu berri den eskualdeko Ezpilleta elkartearekin batera prestakuntza saio hori antolatzeko aukera suertatu da. Eskualdeko bilakaera historikoa landuko da, hainbat garai landuz:
-    XIV. mendeko Erdi Aroko populazioa. Nola iritsi garen gaur egungo antolamendua izatera guda, gosete eta izurriteen ondorioz.
-    Lursail publiko eta pribatuaren arteko desberdintasunak historiaren bitartez. Lursail komunalak, pribatuak, publikoak, batzarreak, kortak edota sarobeak.
-    Euskal Herriko bide erromanikoa. Arkeologia eta Turismoa.
-    Megalitismoa, artzaintza eta historiaurreko ustiapenak.
-    Agiregi jendeztatu gabekora bisita eta Gordetxeko trikuharrien ibilbidea eginen da.

Irakasleak:
Mikel Markotegi Ijurko: Ezpilleta Elkarteko kidea.  
Francisco Javier Castro: Historiagilea eta Aranzadi Zientzia Elkarteko Etnografia saileko kidea.
Oihan Mendo Goñi: Arkeologoa.
Pedro Arrese Villanueva: Institutuko Historia Irakaslea.



Nekazaritza Birsortzailea: bertako mikroizakien hazitegia, biongarriak eta bokashia
Garilaren 26an, larunbatean, 9:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:00etara Etxarriko Udaletxean kedada. Ondoren Mandoibai dermioko herri baratzan. (7,5 ordu)

Gaur egun, nekazaritza ekologikoaren inguruan talde eta esperientzia kolektibo ugari, autogestionatuak ala ez, sortzen ari dira. Horietako bat Mandoibai Elkartea da. Elkartearekin elkar lanean nekazaritza birsortzailea lantzeko prestakuntza saio bat izanen da. Nekazaritza mota horrek lurra lehengoratzen (erregeneratzen) laguntzen du. Erabiltzen dituen teknikak, lur eremuan aplikatuz, ura denbora luzeagoan gordetzea lortzen da, bertako mikroizakien osasuna hobetu eta lurzorutik datorren karbono dioxido isurketa gelditzen du.

Helburua lurzoruaren oreka berreskuratzea da ura eta materia organikoaren galera ekidinez, horrela landareak osasuntsu garatzen dira kanpoko intsumorik aplikatu gabe nekazaritza birsortzailea bertako ezagutzetan eta baliabideetan oinarritzen baita.

Irakaslea: Gipuzkoako Ximaurpila elkartea eta Euskal Herriko Nekazaritza Birsortzailea Sustatzeko taldea.