Sei sakandar bekatu ditu Migel Indurain fundazioak

Guaixe 2014ko uztailaren 10a

Uztailaren 3an egindako ekitaldian jaso zuten errekonozimendua

Migel Indurain Fundazioak urtero ematen dituen kirol bekak banatzeko ekitaldia egin zuen uztailaren 3an Gorraizko Gazteluan. Aurten Nafarroako 121 kirolari amateur edo afizionatu saritu ditu fundazioak, 69 gizonezko eta 52 emakumezko. Guztira 153.840 euro banatu ditu fundazioak. Krisia asko nabaritu da, 2013an, soilik urte bat lehenago, 210.076 euro banatu baitziren. “Egungo egoera ekonomikoari egokitu behar izan dugu, baina kirolarien lana sustatzen jarraituko dugu” adierazi dute fundaziotik.

Ekitaldian, bekatutako kirolariez aparte, fundazioari izena ematen dion eta Frantziako Tourra bostetan irabazi duen Migel Indurain, Nafarroako Gobernuko Gizarte-Politiketako kontseilari Iñigo Alli, Migel Indurain Fundazioko zuzendari Idoia Jimenez eta Nafarroako Kirol eta Gazteri Institutuko presidente Pruden Indurain izan ziren.

Bekatutako sakandarrak
Kirol olinpikoetan: June Kintana disko jaurtitzailea (Espainiako Txapelketan 5.a, 1.400 euro) eta Sara Lizarraga borrokalaria (Espainiako Txapelketan 3.a, 1.400 euro).
Kirol ez olinpikoetan: Joseba Fernandez irristalaria (Munduko Txapelketan bigarrena, 2.100 euro) eta Jose Luis Iriarte arku jaurtitzailea (Munduko Txaelketan 3.a, 1.400 euro).
Programa berezietan: Koldo Murgiondo pilotaria (400 euro).
Kirol egokituan: Rosa Jaka (430 euro).