Aurreko denboraldian antolatu zen, lehenengoz, Futsal Sakana Txapelketa. Xota areto klubari lotutako Leandro Fernandez jokalari ohi eta areto futbol entrenatzailearen ideia izan zen txapelketa sortzea, areto futbolean zaletasuna duten talde sakandarrek non aritu izan zezaten. Deialdiak erantzun ona izan zuen eta 7 taldek eman zuten izena –Auzomotojorik (Altsasu), Etxarriko Gaztetxie, Arbizu K.T., Bunker (Altsasu), Iturmendi, Bil Toki (Altsasu) eta Racing San Miguel (Uharte Arakil)–, eta partidak astebururo jokatu ziren Uharte Arakilen. Arbizuk irabazi zuen txapelketa, final handian Racing San Migeli penaltytan irabazi eta gero. Ondoren, Futsal Sakana Kopa abiatu zen eta 3 talde gehiagok eman zuten izena; 10 talde aritu ziren guztira. Finalean Racing San Migelek irabazi zion Arbizuri.
Talde gehiago animatu
Txapelketan oso gustura aritu dira taldeak eta gehienek edizio berrian jarraitzeko asmoa dute. Hala ere, txapelketan oraindik talde gehiago nahi dituzte. “Talde gehiago animatu nahi ditugu aritzera, txapelketan oso giro ona egon delako. Uharte Arakilez aparte, aurten partidak Altsasun eta Irurtzunen ere jokatzeko aukera dago. Ea jendea animatzen den” adierazi digu Leandro Fernandez antolatzaileak. Uharte Arakil, Irurtzun eta Altsasuko udalen laguntza izan du Fernandezek, Deportes Navarra dendaren, Lacturaleren, Urrutia enea hestekien eta www.guaixe.net-en babesa.
Txapelketa irailean hastea eta maiatzean despeditzea aurreikusten da. Ondoren Kopa jokatuko da. Ostiralean Irurtzunen eta Altsasun jokatuko dira partidak, eta larunbatean Uharte Arakilen eta Altsasun. Igandetan ere partidaren batzuk jokatzeko aukera izango da. Guztia behar bezala antolatzeko eta Irurtzun, Altsasu eta Uharte Arakilgo pistak aurretik erreserbatu ahal izateko, izena emateko epea aurreratu egin du antolakuntzak. Abuztuaren 15era arte dago irekia izena emateko epea (www.futsalsakana.es).
Baldintzak
Talde bakoitzak 700 euro ordaindu beharko ditu txapelketan parte hartzeko. Talde bakoitzak 15 jokalari izango ditu gehienez, baina partida bakoitzean gehienez 12k jokatu ahalko dute. Aurreko denboraldian bezala, lesioendako asegurua egin ahalko da 20 euroren truke.
Sariak
Txapeldunak 300 euro eta trofeoa, txapeldunordeak 200 euro eta trofeoa, jokalari onenak eta atezain onenak trofeoa. Horretaz gain, Kopako txapeldunak trofeoa eta txapeldunordeak trofeoa jasoko ditu.
www.futsalsakana.es
Txapelketan izena emateko, abuztuaren 15a baino lehen. Bertan topa daiteke txapelketari buruzko informazio guztia.
Irurtzungo 12 orduetan izena ematea zabalik
Aurreko astean aipatu genuen moduan, uztailaren 26an 12 orduko areto futbol txapelketa antolatu da Irurtzunen. Izena ematea zabalik dago, uztailaren 23ra arte, www.futsalsakana.es web orrian. Talde bakoitzak 12 jokalari izan beharko ditu eta inskripziorako 75 euro ordaindu beharko dira.