Sanferminetako herri kirol jaialdien barruan, gaur trontza izango da protagonista Iruñean. Eguerdian Foru Plazan hasiko den jaialdian, lehenik eta behin Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa jokatuko da.
Guztira 4 bikote lehiatuko dira, bi Andra Mari ikastolakoak eta beste bi Basaburua-Baztanekoak. Andra Mari ikastolako ordezkariak Xabier Basabe-Adrian Joao eta Asier Jaka-Joseba Galarza izango dira. 100 zentimetroko enborrari 10 epai edo mozketa egin beharko dizkiote lau bikoek.
Proba konbinatua eta aizkora
Ondoren, herri kirolen proba konbinatuaren erakustaldia egingo dute kimuen mailako 4 taldek: Andra Mari ikastola, Araxes, Irisarri eta Ultzama. Segidan, aizkora erakustaldia eskainiko dute Juanjo Erdozia etxarriarrak, Aitor Senosiainek eta Mieltxo Mindegiak. Eta, bukatzeko, haurrei zuzendutako proba herrikoia prestatuko dute.
Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa. Trontzalariak:
Xabier Basabe eta Adrian Joao (Andra Mari)
Asier Jaka eta Joseba Galarza (Andra Mari)
Eneko Irigoien eta Andoni Galarregi (Basaburua-Baztan)
Antton Irigoien eta Iker Aleman (Basaburua-Baztan)