Etxarriarra 6.a sailkatu zen 88 km eta 6.000 metroko desnibel positiboa zuen proban. Ehunmiletan (168 km, 11.000 d+), Patxi Rodrigez 117.a sailkatu zen

Guaixe 2014ko uztailaren 14a

Joxeja Maiza.

Etxarriarra 6.a sailkatu zen 88 km eta 6.000 metroko desnibel positiboa zuen proban

Ehunmilak ultratraila (168 km, 11.000 m desnibel +) eta G2 Handiak ultratraila (88 km, 6.000 m desnibel +) jokatu dira asteburuan Beasainen. Lehen proban izena eman zuten 295 korrikalariak ostiralean 18:00etan abiatu ziren. Goierriko eskualdean Txindoki (1.346), Ganbo (1.402) eta Aizkorri (1.528), Urola-Kostan Erlo (1.026), Urola-Garaian Izaspi (967) eta Ernio (1.075) Tolosaldean zituzten aurrez aurre. Goierriko 2 Handietan aritu ziren 362 korrikalariak ostiralean 23:00etan abiatu ziren. Besteak beste Larraitz eta Txindoki gainditu behar izan zituzten.

Orellanak Ehunmilak despeditu zituen
Ekainaren erdialdean Hiru Haundiak (100 km, 5.075 metroko desnibel positiboa) ultratraila irabazi zuen Javi Domingez gasteiztarra izan zen Ehunmilak ultratraileko txapelduna. 23 ordu eta erdi behar izan zituen (23:29:10). Ordu bat eta 11 minutu atera zizkion Imanol Alesoni (24:40:29). Silvia Trigueros izan zen lehendabiziko emakumea (28:48:23), helmugara 9.a heldu eta gero. Patxi Rodrigez Orellana altsasuarrak lan ona egin zuen eta 117. postuan heldu zen helmugara, 44 ordu pasa korrikan eman eta gero (44:11:04). Izan ere, 150 korrikalarik lortu zuten ultratraila osatzea eta 121 erretiratu behar izan ziren. Tartean zegoen Patxi Rubio. Uhartearrak Elosua pasa eta gero utzi behar izan zuen proba.

Maiza, Aitor Salinas eta Iñaki Lacalle
Ehunmilak probarekin batera Goierriko 2 Handiak ultratraila jokatzen da. Laburragoa da, 88 km, baina gogorra. 240 korrikalarik lortu zuten proba despeditzea eta 100 erretiratu egin behar izan ziren. Pedro Etxeberria (10:41:29) eta Aitziber Osinalde (13:25:09) izan ziren txapeldunak. Etxeberriak 3 minutu pasa atera zizkion Iokin Garairi (10:44:52). Joxeja Maizak sekulako proba burutu zuen eta 6.a sailkatu zen (11:58:05). Denboraldi bikaina burutzen ari da etxarriarra.
Aitor Salinas etxarriarrak ere lan ona egin zuen. 105.a iritsi zen helmugara (16:45:13). Pixka bat beranduago, 108. postuan sartu zen Iñaki Lacalle olaztiarra (16:54:32). Tamalez, gauzak ez zitzaizkion espero bezala atera Aritz Munarriz etxarriarrari. Txindoki pasa eta gero erretiratu egin zen etxarriarra. Eta gauza bera gertatu zitzaion Sergio Goñi olaztiarrari; Txindokin utzi behar izan zuen proba.