Ostiralean Nafarroako Kadete Mailako Trontza Txapelketa jokatu zen sanferminetan, Iruñeko Foru Plazan. Lau bikote lehiatu ziren: Eneko Irigoien (Aniz)-Andoni Galarregi (Gartzain), Xabier Basabe-Adrian Joao (Etxarri Aranatz), Antton Irigoien (Aniz)-Iker Aleman (Irurita) eta Asier Jaka (Etxarri Aranatz)-Joseba Galartza (Iturmendi). Etzanda jarritako 100 zentimetroko enborrari 10 epai edo mozketa egin behar zizkioten.
Eneko Irigoien eta Andoni Galarregi izan ziren txapeldunak (4:57). Minutu pasako aldea atera zieten Andra Mari ikastolako Xabier Basaberi eta Adrian Joaori (6:13). Antton Irigoien eta Iker Aleman izan ziren hirugarrenak (7:34) eta Asier Jaka eta Joseba Galartza laugarrenak (8:03).
Andra Mari txapeldun
Trontza txapelketa eta gero herri kirolen proba konbinatuan lehiatu ziren Andra Mari, Araxes, Irisarri eta Ultzama. Koxkolak bildu, zaku lasterketa eta txinga probak osatu behar izan zituzten eta Sakanako Andra Mari ikastolako taldea izan zen garailea.