Web-gintzarekin hasi dira Uda-Ikastaroak

Guaixe 2014ko uztailaren 15a

Ostiral eta larunbatean izanen da hurrengoa: Komunikazio estrategikoa: produktu eta kanpainak lantzeko irizpide minimoak. Heldu den astean, berriz, Sakanako historia eta nekazaritza birsortzailea ikastaroak izanen dira. Izen ematea zabalik dago.

Sakandarrei prestakuntza eskaintzeko eta ibarreko ekimen berriez informatzeko helburuz Sakantzen Sareak antolatutako Uda-Ikastaroak atzo hasi ziren. Galder Gonzalez Larrañaga adituarekin web gune baten instalazio eta moldaketa azkarra ikasteko aukera izan zuten ikastaroko parte-hartzaileek. Zazpi orduko ikastaroan edukiak kudeatzeko Wordpress eta Joomla! CMS plataformak ezagutu eta erabiltzeko aukera izan zuten ikasleek.

Hurrengo prestakuntza ikastaroa Komunikazio estrategikoa; produktu eta kanpainak lantzeko irizpide minimoak izenburua du. Itziar Amunategi Barandika irakasleak (komunikazioan lizentziatua eta masterra enpresa komunikazioan) komunikazioa planifikatzeko prozesua ulertzeko eta ezagutzeko gakoak emanen ditu. Horretarako, iragarlearen zerbitzura dauden komunikazio teknikak eta beren aplikazioa ezagutzeko aukera emanen du Amunategik. Bestalde, lan taldearen bidezko komunikazio plan baten garapena eta proposamenean praktikatzeko aukera izanen da.

Ikastaroak bi saio izanen ditu: ostiralean, 17:00etatik 20:00etara eta, larunbatean, 10:00etatik 14:00etara, Arbizuko Utzugane, Sakanako Garapen Gunean.

Izena ematea
sakantzensarea@gmail.com helbidera idatziz eta 685 75 90 56 telefonora hots eginez. Toki mugatuak daude.


Elkarlanean
Heldu den asterako Sakantzen Sareak beste bi Uda-Ikastaro antolatu ditu. Biak ere Sakanan sortu berri diren bi elkarterekin elkarlanean antolatu ditu Sakantzen Sareak: nekazaritza birsortzailea lantzen duen Mandoibai elkartea eta Sakanako historia lantzen duen Ezpilleta elkartea.

Azken horren bidez Sakanako historiaz eta ibarraren bilakaera historikoaz ikasteko aukera izanen da: garilaren 22an eta 23an, asteartea eta asteazkenean, 18:00etatik 20:30era. Arbizuko Utzugane, Sakanako Garapen Gunean eta garilaren 27an, igandean, 10:00etatik 13:30era Uharte Arakilgo Plazan.

Nekazaritza birsortzailea: bertako mikroizakien hazitegia, biongarriak eta bokashia izenburua du Sakantzen Sareak Mandoibai Elkartearekin batera antolatutako ikastaroa. Garilaren 26an, larunbatean, 9:00etatik 13:30era eta 15:00etatik 18:00etara Etxarriko Udaletxean kedada. Ondoren Mandoibai dermioko herri baratzan. Lurra lehengoratzen laguntzen duen nekazaritza mota horren berri izanen dute ikastaroan izena ematen dutenak.