Gaixo dauden presoak askatzeko aldarrikapena autobian

Guaixe 2014ko uztailaren 16a

Ventura Tome eta Ibon Iparragirre presoen askatasuna aldarrikatzeko autobia itxi zuten larunbatean.

Larunbat goizean hainbat ezezagunek autobia katez itxi zuten Arbizu parean, pintura eta beste bota zuten zorura. Aldi berean, espetxeetan gaixotasun larriekin dauden Ventura Tome eta Ibon Iparragirre presoen askatasuna aldarrikatzeko pankartak zabaldu zituzten autobia gaineko zubitik eta pintaketak egin zituzten paretan. Ondorioz, autobiako trafikoa geldiarazi zuten eta sanferminetako larunbata zenez, Iruñerantz joaten ziren makina bat ibilgailu zeuden bidean. Lekukoek esan digutenez, Foruzaingoa agertu eta kateak moztu arte trafikoa etenda egon zen.

Presoak
Ondarroako Iparragirre 2011ko lastailetik etxean ari zen espetxealdia betetzen, ezarritako eskumuturreko telematikoa eramanez eta hainbat neurri betez. Martxoan berriz atxilotu eta Navalcarneron bakartuta dute egun. Hiesa du eta epilepsia krisiak ditu Iparragirrek. Tafallako Tome erregimen berezian dute Murtziako espetxean. Prostatako eta biriketako minbiziak ditu, eta agian beste bat duela esan diote. Espetxeetan gaixotasun larria duten beste bederatzi euskal preso daude eta haien berehalako askatasuna aldarrikatzeko makina bat manifestazio eta ekimen egin dira azken hilabeteetan Euskal Herrian barna.