Ibarraren sareko bisita txartela

Guaixe 2014ko uztailaren 16a

www.sakondusakana.com web orriak Sakanaren kanpo ataria izan nahi luke.

Sakanako Garapen Agentziak sustatuta, gure ibarraren kultur eta natur aberastasunak ezagutzera emateko web orria dagoeneko sarean dago: www.sakondusakana.com. Ibarrari eta osatzen dituzten herriei buruzko informazioa dago web orrian. Horretaz aparte, Sakanak natura, kultura eta kirol arloan eskaintzen duenaren berri ematen da. Ostatua hartu beharren dutenendako informazio praktikoarekin batera, bisitariak jatetxe eta bertako produktuen inguruan jakingarriak jasoko ditu.

Gonbitea
Sakanako Garapen Agentziako Iker Manterolak azaldu duenez, sareko ate horrekin estrategia komunikatibo berria abian jarri da: “web orrian oinarrituta beste komunikazio tresnak indarrean jarri dira”. Facebook eta Twitter sare sozialetan profilak egin dituzte. Baita Flirck, Youtube eta Vimeo ataritan ere.

Manterolak sakandarrei laguntza eskatu die, sare moduan lan eginez, web orria eta Sakana ibarretik kanpo ezagutzera emateko. Horretarako, proposatu du sakandarrek sare sozialen bidez web orria ezagutzera ematea, baita sare sozialetan jarraitzaile egitea eta edukiak partekatzea ere. Web orria bisitatu eta iradokizunak, ideiak, akatsak edo beste jakinarazteko eskaera ere luzatu dute Sakanako Garapen Agentziatik, “denon artean hobetzeko”. Horretarako sakondusakana@gmail.com e-postara zuzentzeko aukera dago.