Frackingaren kontra txirrindulaz

Guaixe 2014ko uztailaren 18a

Asteartean iritsiko da Sakanara Ekologistak Martxan taldeak Palentzia eta Pasai-Donibane artean antolatutako Ekomartxa

Berrehun bat pertsonek eman dute izena laugarren urtez Ekologistak Martxan taldeak antolatutako Ekomartxan. Txirrindulariak hilaren 11n Palentziatik abiatu ziren eta 27an Pasaia Donibanen despedituko dute ibilbidea. Amalurra ez ikutu, haustura hidraulikorik ez  leloa du ekomartxak.

Fracking edo haustura hidrauliko egitasmoak aurreikusi diren lurraldeetan barna eginen dute 13 etapako ibilbidea. Txirrindulariek Gaztela-Leon, Kantabria, EAE eta Nafarroa zeharkatuko dituzte, egitasmoak mehatxatutako inguruak ezagutuz. Petrolio merkea bukatzen ari dela eta “diruaren eta kontsumoaren totem asegaitza elikatzen segitzeko erregai fosilak edozein tokitan bilatu nahi dituzte”. Ekologistak Martxan taldekoek suntsiketa makina gelditzeko garaiz gaudela diote.

Aisia eta aldarrikapena
Antolakuntzatik azaldu dutenez, Ekomartxak aldarrikapen eta eraikuntza kolektiboko espazioa izan nahi du. Horregatik, aisialdi jarduerekin batera, auto-prestakuntza eta aisi tarteekin batera, aldarrikapen ekintzak eginen dituzte. Hala, Ekomartxan parte hartzen duten txirrindulariak tokian tokiko plataformetako kideekin elkartuko dira eta frackingak inguru hartan zein eragin zehatz izanen lituzkeen azalduko diete.

Horretaz aparte, bestelako ingurumen gatazken inguruan lanean dauden erakundeetako ordezkariekin elkartuko dira, haien borrokaren zergatia ezagutzeko. Sakanan, esaterako, goi tentsioko argindar linearen, Abiadura Handiko Trenaren eta errausketaren kontra dauden erakundeetako ordezkarien ahotik azalpenak jasoko dituzte martxistek. Aldi berean, txirrindulariek etapa bakoitzean, denen artean, martxaren manifestua irakurriko dute.


Frackinga Sakanan
Frontera Energy Corporation, SL enpresak hidrokarburoen inguruko ikerketa egiteko Espainiako Industria, Turismo eta Merkataritza Ministerioaren baimena du. Aipatu enpresak Araba, Gipuzkoa eta Nafarroa hartzen duen lur eremuan eginen du ikerketa. Guztira 102.884,3 hektarea ditu eta Sakana barnean hartzen du. Eremua Pegaso izenarekin bataiatua dago.

Nondik dator gasa?
Sakana itsaso azpian zegoenean, hemen area, buztina eta mikro-partikula organikoak zeuden. Azken horiek buztinaren partikulen artean sartu ziren eta milioika urteko presio eta beroaren ondorioz hidrokarburo bihurtu ziren. Buztin geruzaren barruan mantentzen dira, poro txiki-txikietan, gas tanten moduan.

Hainbat tokitan gasa buztinetik edo haitzetik atera eta presioaren ondorioz mugitu egin da. Gas horrek geruza iragazgaitz batekin topo egiten duenean, lurpean pilatu egiten da, gas putzua bihurtuz. Ohiko gas zundaketa batekin atera daiteke gas hori.

Frackinga
Gasa buztinetik gutxi mugitzen denean, hura ateratzeko ezohiko teknika erabiltzen da: haustura hidraulikoa edo frackinga. Lehenengo eta behin, 5.000 metrora arteko zulo bertikala egiten da. Horren ondoren, horizontalean zulatzen segitzen da, 2 eta 5 km arteko luzeran.

Lan horiek despeditu ondoren, presio handian ura, gehigarri kimikoak eta harea nahastuta sartzen dira. Teknika horrek haitza edo buztina hautsi eta gasa askatzen du, punpen bidez lurzorura igoaraziz. Prozesua haitz zain guztian errepikatzen da. Sartzen den nahasketa horren zati bat azalera itzultzen da (%15-85 artean). Ateratzen dena berrerabili edo baltsetan jasotzen da gerora tratatua izateko.

Kezka
Ekologisten kezketako bat gasa askatzeko erabiltzen diren gai kimikoak dira, legalki, sekretu direnak. Gai kimiko horien zati handi bat lurpean gelditzen dela nabarmentzen dute eta, ondorioz, akuiferoak kutsatu daitezkeela. Nabarmendu duten beste arrisku bat buztinean egon daitezkeen bestelako gai kutsakorrak askatzea litzateke. Haustura hidraulikoak askatutako gas batzuk gora egin eta negutegi efektua areagotzeko aukera dagoela ere azpimarratzen dute ekologistek.

Frackinga Ameriketako Estatu Batuetan garatu den teknika da eta, antza, “tamaina handiko kalte ekologikoak sorrarazi ditu eta makina bat salaketa izan dira”. Ekologisten iritziz, “gasa ateratzeko lur-azpia pozoitzea ez da ez egokia, ez jasangarria”. Energia berriztagarriei bulkada eman behar zaiela azpimarratu dute.

Informazio gehiago
Fracking Ez Araba 
Ecologistas en acción
Fractura hidraulica bloga



Sakanako egitaraua
Garilak 22, asteartea. 9. etapa, Lizarra-Altsasu (55 km)
12:00etan Txistor jate begetarianoa, eguzki-energiaz egina (piperrak izanen dira), Iturriotz iturrian (mosquitos). Frankingari, energia berriztagarriei eta energia ereduari buruzko hitzaldi laburra (10 minutu).
13:00etan Olatzagutira iritsi. Bazkari autogestionatua.
18:00etan Elkartzean errausketari buruzko hitzaldi laburra.
18:45ean Altsasura bizikletan.
19:00etan Altsasun, bizi-kritika.
19:30ean Porlandegian: pankartada eta argazkia. Kontzentrazioa.
20:00etan Olatzagutian, bizi-kritika.
21:00etan Afaria (8 euro).
Altsasuko kiroldegian lo.

Garilak 23, asteazkena. 10. etapa, Altsasu-Iruña (Oskiatik barna, 57 km)
8:00etan Irteera.
9:00etan Etxarri Aranatzen, bizi-kritika. Atez atekoari buruzko hitzaldi laburra plazan.
10:15ean Uharte Arakilen, bizi-kritika motza eta Nafarroako AHTri buruzko hitzaldi laburra.
11:00etatik 12:00etara Gosari autogestionatua Irañetako Urruntzure iturburuan.
13:15ean Irurtzunen, bizi-kritika motza eta Goi Tentsioko Argindar linea Sakanan hitzaldi laburra.
14:30ean Iruñera iritsi. Bazkari autogestionatua.
18:30ean Iruñean, bizi-kritika.
20:00etan Zilbetiko harrobiari buruzko hitzaldia Arrano elkartean.
21:00etan Afaria beganoa (7 euro).
Atarrabiako Lorenzo Goikoa frontoian lo eginen dute.