Komunikazioa Uda-Ikastaroen segidan

Guaixe 2014ko uztailaren 18a

Astelehenean webgintzari buruzkoarekin hasi ziren Uda-Ikastaroak.

Gaur eta bihar landuko dute gai hori. Heldu den astean Sakanako historia eta nekazaritza birsortzailea ikastaroen txanda izanen da. Izen ematea zabalik dago.

Ibarreko biztanleei prestakuntza eskaintzeko ahaleginean Sakantzen Sareak Uda-Ikastaroak antolatu ditu bigarren urtez. Enpresa, elkarte, erakunde zein pertsona askorendako komunikazioa “atal klabea” dela jakinda, Komunikazio estrategikoa: produktu eta kanpainak lantzeko irizpide minimoak ikastaroa antolatu du. Gaur, 17:00etatik 20:00etara eta, bihar, 10:00etatik 14:00etara, Arbizuko Utzugane, Sakanako Garapen Gunean izanen da.

Itziar Amunategi Barandika irakasleak (komunikazioan lizentziatua eta masterra Enpresa komunikazioan) komunikazioa planifikatzeko, prozesua ulertzeko eta ezagutzeko gakoak emanen ditu. Horretarako, iragarlearen zerbitzura dauden komunikazio teknikak eta beren aplikazioa ezagutzeko aukera izanen da. Aldi berean, lan taldearen bidezko komunikazio plan baten garapena eta proposamenean praktikatzeko aukera izanen da ikastaroan.

Izena ematea
sakantzensarea@gmail.com helbidera idatziz eta 685 75 90 56 telefonora hots eginez. Toki mugatuak daude.

Gehiago
Ibarreko ekimenen berri emateko ere balioko dute Uda-Ikastaroak. Izan ere, Sakantzen Sareak Sakanan sortu berri diren bi elkarterekin batera antolatu ditu ikastaroak. Ezpilleta elkartearekin Sakanako historiaren hainbat aspektu landuko dituzte hiru egunez, heldu den asteko asteartean eta asteazkenean, 18:00etatik 20:30era, Arbizuko Utzugane, Sakanako Garapen Gunean eta domekan, 10:00etatik 13:30era, Uharte Arakilgo Agiregiko aztarnetegian.

Uda-Ikastaroak nekazaritza birsortzaileari buruzko ikastaroarekin despedituko dira garilaren 26an, larunbatean. Mandoibai elkartearekin batera Sakantzen Sareak antolatutako ikastaroan lurra lehengoratzen laguntzen duen  teknikez argibideak emanen dira: lurra lehengoratzen laguntzen duen nekazaritza mota hori lur eremuan aplikatuz, ura denbora luzeagoan gordetzea lortzen da, bertako mikroizakien osasuna hobetu eta lurzorutik datorren karbono dioxido isurketa gelditzen du. Irakasleak Gipuzkoako Ximaurpila elkarteko eta Euskal Herriko Nekazaritza Birsortzailea Sustatzeko taldeko kideak izanen dira.

Web-gintzari buruzko ikastaroarekin hasi ziren astelehenean dozena erdi sakandar trebatu zituen Galder Gonzalez Larrañagak. Ikasleek edukien kudeaketarako Wordpress eta Joomla! CMS plataformak ezagutu eta erabiltzeko aukera izan zuten.