Aralarko aingeruarekiko loturaren transmisioa

Guaixe 2014ko uztailaren 18a

Haurrak goiaingeruari aurkezteko ekitaldia igandean, 12:30ean, Aralarko santutegiko meza nagusiaren barruan.

Asko eta asko dira Aralarko santutegiarekin lotura berezia duten gurasoak eta lotura hori haien seme-alabei pasa nahi dietenak. Garai batean bataioarekin hasten zen lotura hori. Elizako araudia aldatu eta bizi tokian batailatu behar dira orain haurrak. Baina lotura nolabait iraunarazteko beharra sumatzen zuten askok eta Aralarko Deun Mikel Goiaingeruaren Kofradiak eman zien erantzuna, haurrak Aralarko goiaingeruari aurkeztu eta haren musua jasotzeko ekitaldia antolatuz. Dagoeneko goiangeruak milatik gora laguntxo berri ditu.

Etzi hamaikagarren ospatuko da ekitaldia. Santutegiak 12:30ean hartzen duen meza nagusiaren barruan. Txikiak protagonista izanen diren elizkizuna izanen da. Akaberan, aldez aurretik izena emanda zutenak, haien izen-abizenekin San Migelen lagun izendapena duen pergamino bat jasoko du. Izena eman ez dutenek ere ekitaldian parte hartzeko aukera izanen dute, eta kofradiatik horretara animatzen dituzte. Azken horiek, hala ere, ez dute etzi bertan pergaminoa jasoko, egun batzuk barru baizik.