Idatzi hau aurtengo denboraldiaren azkena da eta balorazio bat egiteko erabili nahiko genuke. Aurreko asteko Guaixen agertu bezala, langabezia jaitsi egin da gure bailaran, konkretuki 2009ko abenduko portzentajeetaraino. 1.545 pertsona daude Nafarroako Enplegu Zerbitzuan izena emanda. Badirudi urte honetan eta datu hauek kontutan harturik gure bailarak krisialdiaren irteera bidean dagoela. Pozik egoteko arrazoiak badirela uste dutenak badaude, langabezia utzi duten pertsonak orain dela urte bat baino zoriontsuagoak direla uste dutenak badaude, ezer egin gabe egoera aldatu eta hobera egingo duela sinesten dutenak badaude baina guk ez dugu horrela pentsatzen.
Langabeziaren datuak, hori dira gaur egun, datu hutsak dira, estatistikak eta hauekin gu ez gaude pozik. Gizartean interbentzio psikologikoa egiteko erabiltzen diren pilulak bezalakoak dira. Lasaitasun edo apatia bulkatzeko medikamentuak dira. Guretako azken urtea ez da ona izan. Ez gara sortutako lanpostuen kalitateaz ari, ezta aurtengo urtean langileek bizi izan duten eskubideen zapalkuntzaz (hitzarmenen desagertzea edota berriki onartutako legea non mutuek eskusartze osoa izango duten langileen gaixotasunen kudeaketan). Guretako onartezina dena zera da, inoiz bizi izan dugu eskubide murrizketa zabalena burutu eta gero krisialdia sortu zuen sistema basati hau, inolako autokritikarik gabe berriro zerotik haziko balitz bezala agertzea. Ez dugu ezer ikasi? Hain odolgabea da gure gizartea? Ez dugu uste.
Agian gizarte mugimenduok ez dugu gure papera ongi bete eta alternatiba errealak planteatzearekin batera gizarte aldaketa sakonaren bidean murgildu beharko dugu gure borroka. Garai gogorrak datoz, eskubideak berreskuratzeko bidea latza izango da eta gure helburuak oso argiak izan beharko dira. Oraingoan, baliabideak eta helburuak ongi neurtuak izan beharko dute.