Pasa den ostiraletik lastailaren 12ra, Bilboko Rekalde Aretoan Aniztasunaren memoria. I/B espedientea erakusketa ikusgai izanen da. Alberto Ipiña eta Begoña Bidaurrazaga senar-emazteek azken 60 urteetan euskal sortzaileen lanak eskuratu dituzte. 600 pieza baino gehiagoko bilduma horretatik Xabier Sáenz de Gorbea komisarioak egilerik garrantzitsuenek egindako marrazkiak, pinturak, eskulturak, argazkiak, bideoak eta dokumentuak aukeratu ditu, 89 guztira, eta hainbat txoko dituen erakusketa aretoan jarri ditu.
Horien artean bi sortzaile sakandarren lanak daude. Jose Ramon Anda bakaikuarraren Sin título 1986 lana dago ikusgai, erakusketako Geometria berriak atalean. 60 urte atzerako begirada horren azken zatian, Arte proiektuala izenekoan, Txuspo Poyoren Tiempos hostiles bideo-lana ikusteko aukera dago.