Cederna-Garalurrek pasa den urtean 61 ekintzaile lagundu zituen

Guaixe 2014ko uztailaren 25a

Nafarroako Gobernuak astelehenean jakinarazi zuen Nafarroako Enplegu Zerbitzuaren bidez, Cederna-Garalur elkarteari 155.650 euroko diru-laguntza eman ziola. Nafarroako Mendialdean ekintzailetasuna bulkatzera egiteko eta ekintzaileei laguntza osatua ematera bideratuko du Garalurrek diru hori.

Cederna-Garalurrek pasa den urtean Sakanako 61 ekintzaileri (33 emakumezko eta 28 gizonezko) eman zien laguntza (diru-laguntzez, betekizun fiskalez, lan betekizunez, sozietate motez edota ideia aztertzen). Gainera, lau ekintzailek proposatutako ekimenen bideragarritasun azterketak ere egin zituzten. Hiru emakumezkoek eskatu zituzten eta bakarra gizonezkoak.

Ekintzailetasuna sustatzen
Cederna-Garalurrek 2013an sakandarren artean ekintzaile izateko nahia bultzatzeko eta indartzeko zenbait jarduera egin zituen. Mank-ek antolatutako enplegu tailerreko ikasleei 12 orduko prestakuntza saioa eman zien Garalurrek otsailaren 8an eta 9an, autoenplegua, langabeziatik ateratzeko bidea. Garagarrilaren 19an 80 pertsona elkartu zituen Altsasuko Iortia kultur gunean antolatutako Ekintzaileen Kedadan.

Lanbide Heziketako 40 ikasleri ere azaldu zieten ekintzailetzaren abantailak 2 orduko tailer batean, abenduaren 12an izan zen. Tokiko hedabideen bidez ekintzaileen esperientzien berri zabaldu zituen Garalurrek.

Aldi berean, Cederna-Garalurrek pasa den urtean Sakanan ekintzailetza bultzatu zuten proiektuak ere lagundu zituen. Batetik, Urko Mauduitek sustatuta aurten martxan jarri den 3D animatika enplegu tailerra. Bestetik, Nafarroako Enplegu Tailerrak eta Mondragon Unibertsitateak sustatutako eginez ikasi tailerrean laguntza eman zuen elkarteak.



Cederna-Garalur Sakanan
Bere egoitza Utzuganen, Sakanako Garapen Gunean du, Arbizuko Utzubar industrialdean. Susana Mendinuetak eta Oskia Lazkozek, astelehenetik ostiralera, 9:00etik 14:00etara, ekintzaileei honako laguntza eskaintzen diete: diru-laguntzei buruzko informazioa eman; jarduera bat martxan jartzeak berekin dituen betekizunei buruzko informazioa eman; proiektuaren bideragarritasuna aztertzeko laguntza eman eta elkarte motei buruzko aholkularitza eta informazioa ematen dute.


Ekintzaileen kontsultak 2013an
Udalerria    Emakume    Gizon
Altsasu              8            8
Arakil                1            1
Arbizu               6            2
Arruazu             0            1
Bakaiku             0            0
Ergoiena            4            1
Etxarri Aranatz   3            5
Irañeta              0            0
Iturmendi          1            0
Irurtzun             1            1
Lakuntza            2            2
Olatzagutia        4            3
Uharte Arakil      1            1
Urdiain              2            3
Ziordia              0            0
Guztira           33           28