Tren azkarren lotura Sakanan barna

Guaixe 2014ko uztailaren 24a

Sustapen Ministerioak Hego Euskal Herriko AHTren lineak, behin behinean, ibarrean barnako trazatuarekin lotzeko asmoa berretsi du.

Hilaren 9an Nafarroako eta EAEko abiadura handiko trenen lineak lotzeko Protokolo Jarraipen Batzordea bildu zen. Sustapen Ministerioak Hego Euskal Herriko bi gobernuetako ordezkariei jakinarazi zien bi lineak Gasteizen lotu nahi dituela, behin behinean bada ere. Hala, Ezkio-Itsasoko lotura gunea baztertua gelditzen da oraingoz.

Lotura hori egiteko Sakana zeharkatu beharko lukete trenek. Ministerioak egungo trenbideari hirugarren erraila gehitu nahi dio. Hala ere, behin betiko erabakirik ez zuten hartu. Uda ondoren ingurumen tramitazioaren informazio ikerketa hasiko dute. Bi lineak lotzeko hainbat aukera aztertuko dituzte.

Bestalde, Sustapen Ministerioak Aragoiko parlamentari sozialista bati emandako erantzunean jakinarazi du ez duela lehentasunezkotzat jotzen Kantauri eta Mediterraneo aldeak AHT bidez lotzea. Diario de Noticias egunkariak jakinarazi duenez, lehentasun mailak ezarri ditu ministerioak eta haien artean ez dago Sakana hartuko lukeena. Bigarren mailako lineen lanak noiz eginen diren ere ez du zehaztu.