Horia kolore nagusi den tropela izan genuen asteartean eta asteazkenean Sakanan. Fracking-aren edo haustura hidraulikoaren kontra Ekologistak Martxan taldeak antolatutako bizikleta martxako etapa akabera eta hasiera hartu ditu Sakanak. Lurpeko haitzetan dagoen gasa ateratzeko teknikaren kontra protesta egin eta haren berri zabaltzea da igandean Donostian despedituko den martxaren helburua.
Baina bidean ekologismoaren aldetik praktika positiboak direnak ere ikasi dituzte martxistek. Hala, asteartean eguzki energiaz prestatutako txistorra eta barazki jatea egin zuten Urbasan. Etxarri Aranatzen, berriz, hondakin bilketa sistema berriari buruzko azalpenak jaso zituzten.
Aldi berean, Ekomartxan parte-hartzen ari diren 200 bat pertsonek ingurumenaren alde tokian tokiko gatazken berri jaso dute. Asteartean 3 Mugak Batera plataformako kideek Olaztiko porlandegiaren errausketa egitasmoa zertan den azaldu zieten. Martxistek gero porlandegi parean kontzentrazioa egin zuten. Asteazkenean AHT eta goi tentsioko argindar proiektuen egitasmoez eta haien eraginez azalpenak jaso zituzten. Pasa diren herrietatik bizikletako txirrinak joz eta aldarrikapenak oihukatuz nabarmendu izan dira Ekomartxako kideak.