Sakatxartela: asteburu honetan, atera txartela

Guaixe 2014ko uztailaren 25a

Bierrik Fundazioaren Beleixeguaixe txartelarekin asteburu honetan erosketak egiten dituztenak 2 sari ederren zozketan sartuko dira.

Bierrik fundazioak bere babesle diren 1.550 pasa sakandarrei, asteburu honetan euren Beleixeguaixe txartela erabiltzera gonbidatu die. Aipatu txartelarekin gure babesleek 80 establezimendu baino gehiagotan erabili dezakete txartela eta haietan hainbat deskontu eta abantaila eskuratzeko aukera dute. Baina, horretaz aparte, asteburu honetan Sakatxartela asteburua da, eta ohiko deskontuez gain, erosketa egiterakoan soilik euren txartela erakusteagatik zozketa berezian sartuko dira.

Sariak: zaldiak, bazkaria, liburuak eta txartela
Asteburu honetan, garilaren 25etik 27ra Beleixeguaixe txartela erabiltzen dutenak bi sariren zozketan sartuko dira: lehen saria, bi lagunendako 2 zaldi ibilaldi Errotainen eskutik eta bi lagunendako bazkaria Otzaurteko bentan, eta, bigarren saria, Erein argitaletxeko liburu lote bat eta Beleixeguaixe txartel bat.

Babesleak eskertu eta bertako komertzioa sustatu
Bierrik fundazioak Sakatxartel asteburuak antolatzearekin bi helburu nagusi lortu nahi ditu. Batetik, Bierrik fundazioko babesle diren 1.550 pasa sakandarrei euren fideltasuna eskertu, euren eguneroko erosketetan abantailak lortzeko aukera eskaintzeaz gain, sari bat lortzeko aukera ahalbidetuz. Bestetik, krisiaren eraginez ukituta dauden Sakanako denda eta establezimenduei bultzada eman nahi zaie, erosketak Sakanan egitea bulkatuz. “Herri osasuntsu batek gertuko merkataritza sarea izan behar du, herritarrek eta establezimendu txiki eta ertainek osatuta dagoena. Guztien artean herriari bizitza eta kolorea ematen diogu. Ibarrean erosiz sakandarren arteko harremanak sustatzen dira, herriei aberastasun soziala emanez” adierazi du Bierrik fundazioko kudeatzaile Ainhoa Urretagoienak. Bestetik, Bierrik fundazioak kudeatzen dituen Guaixe astekaria eta web orria eta Beleixe irratia (107.3 FM) aurrera egiteko babesleek eskaintzen duten laguntza “ezinbestekoa eta bihotz-bihotzez eskertzekoa” dela nabarmendu du kudeatzaileak.

Beleixeguaixe txartela
Bierrik Fundazioak 19 urteko ibilbidea egin du Sakanan euskarazko hedabideak sustatzen. Guaixe astekaria eta Beleixe Irratia (FM 107,3) dira horren adierazle.
Bierrik Fundazioak sustatuta, Beleixeguaixe Txartela hiru helbururekin sortu zen. Alde batetik, fundazioaren beraren auto-finantziazio maila igotzea. Bestetik, Sakanan bertan erosketak egitera bultzatzea eta bertako komertzioak sustatzea. Eta, azkenik, Bierrik Fundazioko bazkideei abantailak eskaintzea. Gaur egun, 80 establezimendu baino gehiagotan abantaila interesgarriak eskuratzeko aukera ematen du Beleixeguaixe txartelak, deskontu edo beherapen modura gehienetan, baita beste modutan ere.

Beleixeguaixe txartela lortzeko
Deitu ondoko telefonoetara: 948 564 275 eta 948 562 107 edo www.guaixe.net atarian sartu eta Bierrik Fundazioko bazkide/babesle egin. Urteko 50 euro ordaindu behar dira. Erosketak Sakanako dendetan egiten dituzten babesleek erraz errekuperatuko dute babesletzagatik ordaindutakoa. Gainera, errenta aitorpenean %25a desgrabatuko du foru administrazioak.

Hurrengo Sakatxartel asteburuak
Orain arte bi Sakatxartel asteburu egin dira, marsuaren 28tik 30era eta maiatzaren 30etik garagarrilaren 1era. Asteburu honetakoa hirugarrena izango da. Ondoko Sakatxartel asteburuak irailaren 26tik 28ra eta azaroaren 28tik 30era izanen dira.