Sakantzen Sareak antolatutako Uda-Ikastaroetan azkena bihar izanen da Etxarri Aranatzen. Izena ematen dutenek (20 pertsona momentuz) bertako lurreko mikroizakien hazitegiaz, biongarriez edota bokashiaz gehiago jakiteko aukera izanen dute. Hau da, nekazaritza birsortzailea zer den ikasiko dute parte-hartzaileek. Irakaslea Gipuzkoako Ximaurpila elkarteko eta Euskal Herriko Nekazaritza Birsortzailea Sustatzeko taldeko kide bat izanen da.
Nekazaritza birsortzailearen helburua lurzoruaren oreka berreskuratzea da. Horretarako ura eta materia organikoaren galera saihestu nahi dute, landareak kanpoko intsumorik aplikatu gabe osasuntsu garatzeko. Teknika horien bidez ura denbora luzeagoan gordetzea lortzen da, bertako mikroizakien osasuna hobetzen da eta lurzorutik datorren karbono dioxido isurketa gelditzen da. Nekazaritza birsortzailea bertako ezagutzetan eta baliabideetan oinarritzen da, lurra lehengoratzen lagunduz.
Biharko ikastaroa Mandoibai Elkartearekin batera antolatu du Sakantzen Sareak. Etxarri Aranatzen nekazaritza ekologikoaren inguruan lan egiten duen elkartearekin.
Izena ematea
sakantzensarea@gmail.com helbidera idatziz eta 685 75 90 56 telefonora hots eginez. Toki mugatuak daude.
Sakanako historia, bertatik bertara
Ezpilleta elkarteak Uda Ikastaroetan Sakanako historia ezagutzeko aukera eman du.
Asteartean eta asteazkenean Utzuganeko gelan 31 ikasle elkartu ziren. Sakanaren bilakaera historikoa ezagutzeko Erdi Arotik gaur egunera bitarteko populazioaren garapena azaldu zuten. Historian barna lursail publiko eta pribatuaren arteko desberdintasunak azaldu zituzten. Bide erromatarren eta megalitismoaren inguruko azalpenak ere eman zituzten irakasleek.
Ikastaro hori etzi despedituko da. Igandean, 10:00etan, hitzordua jarrita dute Uharte Arakilen eta handik Agiri despopulatua ezagutzera joanen dira. Han egindako ikerketen berri eman ondoren, Gordetxeko trikuharrien ibilbidea eginen dute, 13:00ak bitartean.