Urritzolak hartuko du Arakilgo eguna

Guaixe 2014ko uzt. 25a, 12:00

Larunbatean ospatuko da festa, Itxasperriko Santiagon goizean ,eta Urritzolan eguerditik aurrera, Urritzolako festekin bat eginez.

Arakildarrek orain arte Santiago egunean ospatzen zuten Arakilgo eguna, garilaren  25ean. Itxasperriko Santiago ermita zuten topagune. Aurten, aldiz, egun bat atzeratu dute jaia, Urritzolako festekin bat egiteko. Hortaz, Arakilgo egunaren ospakizunak bihar izanen dira, garilaren 26an, larunbatarekin. Goizean, ohi denez, Itxasperriko Santiago ermitak eta ermita aurreko zelaiak hartuko du ospakizuna. Erraldoien kalejira, meza, 2013an jaiotako haurrei eta edadetuenei omenaldia eta hamaiketakoa ez dira faltako. Eta, ondoren, Urritzolan jarraituko du festak.

Arakilgo egunaren harira erakusketak ez dira faltatzen eta aurten bi izanen dira, Urritzolan: traktore zaharren erakusketa eta Arakilgo I. Argazki Lehiaketaren erakusketa. 200 bat pertsona hartuko duen herri bazkariaren ondoren, ikuskizuna, haurrendako jolasak eta musika ez dira faltako. Gauean, Urritzolako festekin bat eginez, kontzertuak izanen dira eta gaupasarekin emanen zaio bukaera Arakilgo festa egun handiari.

Arakilgo eguna
Itxasperriko Santiago zelaian
11:00etan Egiarretako plazatik erraldoien konpartsarekin Itxasperriko zelairaino jaitsiera.
11:30ean Izurdiagako Forjas Brunen eskutik, forja artisautzaren erakustaldia.
12:00etan Itxasperriko ermitan patroiaren omenezko meza, Arakilgo koralarekin.
12:45ean Arakilgo Udalak 2013. urtean Arakilen jaiotako haurrei omenaldia eta bailarako pertsona nagusienari errekonozimendua.
13:00etan Hamaiketakoa zelaian. Uharte Arakilgo erraldoien konpartsa, trikitixa eta Orritz taldekoen dantzaldia.

Urritzolako herrian
14:00etan Traktore zaharren erakusketa.
14:00etan Arakilgo I. Argazki Lehiaketaren argazki erakusketa elkartean.
14:30ean Txalapartaren doinuak.
14:45ean Herri bazkaria Urritzolako plazan.
16:30ean Bazkalostea umorea eta magia nahasten dituen HABLALAKABRA antzezlanarekin.
17:30ean Puzgarriak eta haur-jokoak udako ludotekaren eskutik.
17:30ean Joxe Angelekin dantzaldia.
20:00etan Sari banaketa.
21:30ean Afari-parrilada Urritzolako bizilagunen eskutik.
23:00etan Kontzertua: Txep+ Lagunak eta Nekez.
2:00etan Gaupasa.