Kaleratzeak baliogabetuta, langileak porlandegira bueltan

Guaixe 2014ko uztailaren 29a

Sei kaleratuak zutik. Eserita Irigoien, Vierge eta Lakuntza.

Epaileak Cementos Portland Valderrivas diskriminazio sindikalagatik zigortu du.

Pasa den urteko iraila akaberan Olatzagutiko porlandegiko 9 langile kaleratu zituen Cementos Portland Valderrivas (CPV). Akabera hori izan zuen udaberrian hasi eta taldeko porlandegi guztiei eragin zien kontratuak hausteko enplegu erregulazio espedientea. Kaleratuetako 9etatik 6 ELAko kideak zirenez, sindikatuak epaitegira jo zuen kidetze eta jardun sindikalagatik diskriminazioa salatuz.

Lau langileren kasuan dagoeneko arrazoia eman die epaileak, haietako bik gaur jaso dute epaia. Beste bi astelehenetik lanean daude porlandegian. Falta diren bi langileen epaiketak irailean izanen dira. Epai horien ondorioz, CPVk langileak hartu behar ditu, haien soldatak ordaindu, oporraldiak errespetatu, langabezi sariak bueltatu eta abar.

Hala ere, ELAk jakinarazi duenez, CPVk helegitea aurkezteko asmoa du. Enpresari kaleratzeen baliogabetasuna onartzeko eskatu diote ELAtik, “eta lan harremanetan beldurraren eta mendekuaren politika ahazteko eskatu dute”.

Sei kaleratuekin batera, gaur prentsaurrekoan agertu dira ELAko porlandegiko ordezkari Aitor Irigoien, Sakanako ELAko arduradun Gorka Vierge eta Nafarroako sindikatuko buru Mitxel Lakuntza. Azken horrek esan duenez, “epaiak aniztasun sindikala indartzen du eta sindikalgintza aldarrikatzailearen kontra jo nahi duten enpresak zigortzen ditu”.

Oroituz
Irigoienek gogoratu duenez, “negoziazio aldian esan genuen enpresak hainbeste kaleratze egiteko emandako arrazoiak ez zirela nahikoa. Hain gogorrak ez ziren beste aukera batzuk bazeudela esan genuen. Baina UGTk eta CCOOk ez zuten enpresari aurre egiteko borondate handirik erakutsi”. Lakuntzak nabarmendu duenez, negoziazio hura egun Nafarroako buru den Javier Lekunberrik gidatu zuen, “urteetan irabazi handiak izan dituen multinazional baten enplegu suntsiketa legitimatuz”.

ELAko kideek gogorarazi dutenez, “espedientearen sinaduraren lotsa borobiltzeko UGTk eta CCOOk bozketa babestu zuten, ordurako kaleratuak ELAko kideak izanen zirela isilean jakinarazi zen. Bi sindikatuetako afiliatuek parte hartu zuten bozketan, ELAko kideak kaleratuz euren postua salbatzeko modua ikusten baitzuten”.  

Viergeren ustez, dozena erdi kaleratzeekin “CPV ELAren azken urteetako jardun sindikalagatik mendekatu zen”. Sakanako ELAko buruak epaian jasotakoa nabarmendu du: “ELA historikoki porlandegian oso aktiboa izan da eta mugagabeko hainbat greba egin ditu. Horrek azaltzen du zergatik duen enpresak sektoreko gainontzekoek baino lan eta soldata baldintza hobeak”. Viergek azaldu duenez, “langileen eskubideen defentsak ELAko kideek egin duten lana enpresak, UGTren eta CCOOren laguntzarekin, zigortu nahi izan du”.

Enpresak bere defentsan kaleratuen kidetze sindikala zein zen ez zekiela argudiatu zuen, baina epaileak ez du halakorik onartu. Viergek gaineratu duenez, “kaleratuak aukeratzeko erabili zituen irizpideak zein ziren azaltzeko ez da gai izan enpresa. Eta kaleratuak betetzen zituzten lanpostu batzuk desagertu direla esatean ez du epailea konbentzitu”.