Piragua Etxarrin eta espeleologia Urbasan

Guaixe 2014ko uztailaren 30a

Mank-en eskutik piraguan eta espeleologian sakontzeko aukera izango dute aipatu bi ikastaroetan izena eman dutenek

Sakanako Mankomunitateak udan 2 jarduera berezi antolatu ditu uztailaren bukaerarako eta abuztuaren hasierarako: Etxarri Aranazko ibaian piraguismoa lantzeko aukera eta Urbasako Laminatutu (Olazti) eta Cristinos (Larraona) kobazuloetan espeleologian murgiltzea.

Piragua ikastaroa gaur, asteazkenean hasi eta abuztuaren 3an despedituko da. Goizeko 11:00etatik 13:00etara ibiliko dira, Burunda ibaian, Etxarri Aranatz parean. Eta espeleologia irteerak abuztuaren 1ean, 2an eta 3an, 16:00etatik aurrera. Irakasleak Sakana Experience-eko monitoreak izango dira. Aipatu ikastaroak lagun edo familia artean egiteko aproposak dira, baino baita bakarka ere. Piragua edo espeleologia artean aukeratu dute batzuk, baina badago bi proposamenetan izena eman duenik ere.