Birlandaketak, garbiketak, aurreko urteetan egindako inbertsioen mantenua, pista berriak, bideak markatu, aisialdi guneak edo suteen kontrako prebentzio neurriak egiteko erabiltzen dute udalek Nafarroako Gobernuak baso-lanetarako emandako diru-laguntzak. Nafarroako 60 alkatek salatu dute aurten diru-laguntza horietarako deialdirik ez dela egin.
Lan horietara foru administrazioak urtetik urtera diru gutxiago bideratzen duela ere salatu dute alkateek. 2008an 4 milioi euro izan ziren eta pasa den urtean 1,8, “haietatik gehienak aurreko urteetan egindako lanak ordaintzeko, beraz lan berri gutxi egin ziren pasa den urtean”. Basoak behar bezala mantentzeko udalek nahikoa baliabiderik ez dutenez diru-laguntzak ezinbestekoak direla nabarmendu dute 60 alkateek.
Alkateen kexuaren berri izan ondoren, Nafarroako Gobernutik jakinarazi dute urte akaberan 2014-2020 Landa Garapen Programa onartuko duela eta hari lotuak izanen direla baso-lanetarako diru-laguntzak.
Azkeneko deialdian diru-laguntza jaso zuten Sakanako erakundeak: Altsasu, Arakil, Arbizu, Arruazu, Etxarri Aranatz, Lakuntza eta Olatzagutiko udalak, Ihabarko Kontzejuak eta Aralarko Elkarteak.