Enrike Zelaia Josefina Arregi klinikakoendako jotzen

Guaixe 2014ko uztailaren 31

Klinikako lagunen elkarteak antolatu zuen emanaldia, gaixoak, senideak eta bisitariak alaitzeko.

Akordeoiaren aztiak, Amaia San Migel pandero-jolearen laguntzaz, astearte eguerdian kontzertua eskaini zuen Josefina Arregi klinikan. Harrera oso ona izan zuen emanaldiak gaixo, haien senide eta bisitarien artean. Lehen zatian Zelaia bakarrik aritu zen eta lau pieza jo zituen: Erkudengo Ama, Dantzari, Bariaziodun valsa eta Haurtxo polita. Ondoren, San Miguelen laguntzarekin, erromeria doinuak etorri ziren.

Josefina Arregi klinikako lagunen elkarteak antolatu zuen akordeoilariaren emanaldia. Erietxeko fundazioaren egoera okertu zenean eta 2011n Osasunbideak kontzertua berritzerakoan erakutsitako jarrerak makina bat sakandarren kezka sortu zuen. Orduan sortu zen elkartea klinikari babesa emateko eta erietxearen lanaren garrantziaz gizartea kontzientziatzeko. Gaur egun 408 bazkide ditu, baina diru ekarpenak egin edo auzolanetan parte hartuko dutenak. Pertsonak edo enpresak ere egin daitezke bazkideak.

Elkarteak jaso duen dirua zuzenean klinikari ematen dio. Gainera, 52 elkartekidek klinikaren mantenu lanetan aritzen dira, auzolanean. Doan emandako materialekin klinika margotu dute eta bestelako konponketa lanak egin dituzte. Argindar kontsumoa murrizteko gaur egun bonbilak aldatzeko aukera aztertzen ari dira.


Klinika
Hiru zerbitzu eskaintzen ditu. Batetik, ospitale gunean 21 ohe ditu. Bestetik, eguneko zentroan, alzheimerra eta bestelako dementzia gaitzak dituzten makina bat sakandar izaten dira. Haiei propio bideratutako programa segitzen dute. Krisiarekin eta familiendako diru-laguntzen murrizketarekin, zerbitzu hori izan da eragin gehiena sentitu duena. Nahiz eta elkartetik esan diguten hobera egin duela. Azkenik, Josefina Arregi klinikako profesionalek kanpo kontsulta zerbitzua dute. Gaitzen diagnostikoak, jarraipena eta tratamenduan laguntzen dituzte familiak.

Harremanetarako
Bloga
amigosjosefinaarreguilagunak@gmail.com
689035120 (Patxi)