55.000 bisita www.guaixe.net atariak berritu zenetik

Guaixe 2014ko abuztuaren 1a

Abenduan berritu zenetik interneteko erabiltzaileek harrera ederra egin diote Sakanako euskarazko hedabideen atariari.

Bierrik fundazioak sustatzen dituen komunikabideak, Guaixe astekaria eta Beleixe irratia, 2007tik daude Interneten. Baina sarean berrikuntzak etengabeak dira eta fundazioak aspaldi Interneteko presentzia berritzeko premia sumatu zuen. Abenduaz geroztik www.guaixe.net eraberritua dago eta Sakanako berri modu erakargarriagoan zabaltzen du munduko plaza den sarean.


Ainhoa Urretagoiena Arruabarrena
Bierrik fundazioko kudeatzailea
Web orri berrituaren lehen sei hilabeteen zein balorazio egiten duzu?
Oso positiboa.

Aspaldikoa zen web-orria berritzeko asmoa, ezta?
Bai. Informazioa kontsumitzeko joera berriak ikusita, telefono mugikorretara egokitutako web orri bat behar genuela garbi zegoen. Gainera, informazioa formatu multimedia berritan eskaintzeko aukera eskaintzen dute teknologia berriek eta haietara egokitzeko beharra ikusi genuen. Azkenik, baina beste arrazoiak bezain garrantzitsua dena, sakandarren parte hartzea sustatu nahi genuen web orriaren bidez.

Aurkezpenean esan zenuten elkarlanean sortutako web orri bat dela.
Bai. Tokiko euskarazko hedabideen elkartean, Tokikom-en, gauden bost hedabideren apustua izan zen. Tokikomen barruan egindako hausnarketetan sektorea profesionalizatzeko apustu garbia egin zen eta baliabideak hobe aprobetxatzeko beharra ikusi zen. Web orriaren plataforma elkarlan horren fruitu da.

Beraz, euskarazko tokiko hedabideen artean aitzindariak izan zineten?
Hala da. Beleixe irratia, www.guaixe.net ataria eta Guaixe astekaria, hiru komunikabideak plataforma berrian txertatu genituen. Apustua ausarta izan zen eta joera berriei egokitzeko ezin hobea.Aurten beste bost tokiko hedabide batu dira.

Baina Guaixe astekaria eta Beleixe irratia kinka larrian egonda, nola ausartu zineten?
Sakanarako proiektu interesgarria zela garbi geneukan. Eta gure hedabideak indarberritzeko bide bakarra zela ikusi genuen. Egia da 2012an kinka larrian egon ginela, Nafarroako Gobernuko diru laguntzak desagertu zirenean. Baina 2000esker kanpainaren bidez 1500 bazkide lortu zituen fundazioak eta laguntzaile horiei guztiei kalitatezko komunikabideak eskaintzen jarraitu nahi genuen. Eta haiei eta sakandar guztiei parte hartzeko aukera gehiago eskaini nahi genizkien.

Eta zein dira web berriaren abantailak?
Lan taldea egokitu da eta askotariko edukiak jarri ditu sarean: argazki albisteak, audioak, bideoak, argazki-galeriak… Aurreko web orria paperezko astekariaren sareko bertsioa izatera mugatzen zen.  Gainera zorion agurrak, eskelak, agenda edo eta iragarki laburrek espazio berri bat  izan dute atarian. Lan talde osoak ikasi du atari berriaren funtzionamendua eta hori oso positiboa da.

Zuzeneko jarraipenen bat ere egin duzue?
Bai. www.guaixe.net-ek eta sare sozialek eskaintzen duten aukera erabili izan dugu Etxarri Aranazko herri galdeketan edo Gure Esku Dago ekimenak antolatutako giza katean. Ahaleginak egun horretako bisitarien kopuruan isla du, nabarmen handitzen delako.

Sakandarren parte-hartzea sustatzeko asmoa aipatu duzu. Baina, nola?
www.guaixe.net atariaren Komunitatea atalaren bidez. Edozeinek, izan banako edo talde, han sartu daiteke eta bere profila sortu. Han idatzitakoa edo igotako argazkia gure web orriko azalean ikusgai egoteaz aparte, Guaixeko sare sozialetara bidaltzen da.

Momentuz zein erantzun izan du Guaixe-net-eko Komunitateak?
Dagoeneko 67 sakandarrek eta 44 taldek eman dute izena eta aldian-aldian euren idatzi, ohar edo argazkiak argitaratzen dira web orrian. Momentuan Sakanara eta mundura zabaltzen dituzte oharrak edo berriak, paperezko bertsiora itxaron gabe.

Nola egin daiteke kide?
Bakarren batek Komunitateko kide izan nahi badu, errez asko du, bi aukera baitaude. www.guaixe.net atarira jo eta goian, eskuinean, dagoen sartu botoiari sakatu. Eskatzen diren datuak bete eta profila eginda. Bierrik-en oniritzia jasota, aurrera. Hala ere, bada jendea bere web orria edo bloga egina duena eta halako profil bat elikatzea lana bikoiztea dela. Haiek lasai asko lotu dezakete euren bloga gure Komunitateko profilarekin. RSS bidez egiten da.

Zalantzaren bat izanez gero, 948 562 107 telefonora hots egin edo bierrik@guaixe.net helbidera idatzi behar da.



Datuak
Bisitak
Ia 55.000 bisita izan ditu atari berriak eta 22.000 erabiltzaile bakar edo bisitari. Bisita gehien jaso dituen hilabetea ekaina izan da 10.145 bisita, alegia


Adina
18-24    % 27,50
25-34    % 33,50
35-44    % 15,50
45-54    % 12,50
55-64    % 5,50
+65      % 5,50


Kokapena
Nafarroa            %56
Estatuko hainbat erkidego    %10
Gipuzkoa            %8
Katalunia            %7
Madril                 %7
Bizkaia               %4
Araba                 %4
AEB, Ingalaterra, Frantzia, Alemania, Irlanda eta Hego Amerika  %4


Sexua
Gizonezkoa     %54,15
Emakumezkoa %45,85


Web orrira sartzeko erabilitako gailuak
Ordenagailua %62
Sakelekoa     %34
Tableta         %4