Ongi doakie uda Sakanako pilotariei. Berriki jokatutako Donostia Hiria Torneoko final handian Juan Martinez de Irujok eta Jose Javier Zabaletak 22-12 hartu zituzten menpean Olaizola II.a eta Ibai Zabala, partida ikusgarrian. Etxarrengoa izan zen partidako jaun eta jabe. Ibai Zabala dominatzeaz gain, piloteoan agindu zuen eta Olaizola II.ari airea kendu zion. Izugarria. Trofeoaz gain, torneoko pilotari onenaren saria ekarri zuen Etxarrenera.
Bestalde, Gasteizen Joseba Ezkurdia eta Merino II.a igo ziren podiumaren gorenera. Gasteizko Andre Maria Zuriko final handian arbizuarrak eta errioxarrak 19-22 irabazi zieten Urrutikoetxeari eta Albisuri. Ezkurdia eta Merino erregularragoak ziren eta horri esker jantzi zuten txapela.
Bestalde, Aitor Zubieta Zarauzko Torneoko finalerako sailkatu zen Irujorekin batera, baina Aimar Olaizola eta Zabala 22-17 gailendu zitzaizkien.