Sanantolinetan murgilduta dago Lekeitio eta festa handi hauetan pilotak ez du hutsik egiten. Gaur erabakiko da, hain zuzen, nor iritsiko den Lekeitioko Sanantolinetako Binakako Torneoko final handira.
Irujok eta Zabaletak atzera ere bikotea osatuko dute. Donostiako Hiria Torneoa irabaztetik dator bikoa, sentsazio ezin hobeekin, eta Lekeition ere goian egon nahi dute. Etxarrenekoa izan zen Donostian onena. Sasoi betean dago eta, alde horretatik, bera eta Irujo bikote faboritoa dira. Aurrez aurre Xala eta Zubieta izanen dituzte. Xala arazoekin ibili da udan, lesionatuta ibili da, eta gaur ikusi beharko da ea bete betean itzuli den edo nola sentitzen den lapurtarra. Trantze honetan bera laguntzeko Aitor Zubieta bezalakorik ez dago. Atzelari etxarriarrak eta Xalak primeran ezagutzen dute elkar eta Aitor Xala animatzen ezinbestekoa da.
Partida gaur jokatuko da, Lekeitioko Santi Brouard frontoian, arratsaldeko bostetan hasiko den jaialdian. Irabazlea final handirako sailkatuko da.