Natur-parkean egitekoak zerrendatu dizkiote patronatuari

Guaixe 2014ko irailaren 6a

Bioitza-Urbasa kanpinean Urbasa-Andia natur parkeko patronatua garilaren 30ean elkartu zen. Pasa den urtean egindako lanak eta aurtengorako aurreikusitakoak errepasatu zituzten, Jose Javier Esparza Landa Garapeneko, Ingurumeneko eta Toki Administrazioko kontseilaria han zela.  

Abeltzaintzara bideratu ziren pasa den urteko aurrekontuaren bi herenak. Pasa den urtean Olatzagutia eta Ameskoa lotzen dituen errepidean (NA-718) bideko parrilla edo kanadar langa jarri zuten. Aurten ere ur baltsetan lanak egin eta urguneak hobetuko dituzte: Santa Kiteriako baltsa (ur eramana eta zola) eta Urbasako saroiko askak. Horrekin batera, aziendaren saneamendu-tratamendua egin zuten, urtero moduan.

Egitekoak
Bilkura berean jakinarazi zenez, aurten Urbasako egurraren eta su-egurraren aprobetxamendua %15 handituko da, “mendiaren iraunkortasunari kalterik egin gabe”. Gainera, mendi-bideak (Santa Kiteriako pistarako sarbideak) eta landaredi gutxiko guneak hobetzen eta barrutietako itxiturak gainbegiratzen ari dira (Lizarraga aldean  itxiturako murruan konponketak).

Basogintzako erabileraren barruan, berriki esleitu da Urbasa antolatzeko proiektuaren 5. berrikusketa. Horren bidez, parkearen basogintzako kudeaketa iraunkorra bermatuko da datozen hamar urteetan. Lanak aurtengo urtean eta hurrengoan, 2015ean, eginen dira. Horretarako 55.856 euro inbertitu dira aurten.

Parkearen erabilera turistikoari dagokionez, Urederra ibaiaren iturburuko natura-erreserbarako sarbidea arautzea izan da aurtengo berritasun nagusia. Hala, 450 pertsona egon daitezke bertan aldi berean. Pasa den urtean eremu horrek 103.271 bisitari hartu zituen, 2012an, berriz, 73.806. Bisita hazkundea izan da iturbururako sarbidea arautzeko arrazoia.

Bestalde, Natura 2000 Sareko parkea zaintzeko neurriei dagokienez, aurten, Andiako pagoak kimatzen, Andiako anfibioentzako urmaelak inguruko buztin naturalekin eta bigarren mailako espezieak landatuta iragazgaizten, eta ugatzen, miru gorrien, sai zurien, bertako karramarroen eta inguruan dauden intereseko beste espezie batzuen jarraipena egiten ari dira.

Langile gutxiago, aurrekontu gehiago
Aurten natur parkean 3 pertsona ari dira lanean. 2012an  7 izan ziren eta pasa den urtean 10. Nafarroako Gobernutik jakinarazi digutenez, bi izan dira murrizketa horretarako arrazoiak. Alde batetik, Kontratu Publikoen Legearen aldaketaren ondorioz lehen GAN (Viveros y Repoblaciones) enpresa publikoaren bidez egiten ziren prozedura negoziatu bidezko kontratazioak orain departamentuaren bidez egiten direla. Bestetik, egin beharreko lanen inguruko izaera teknikoko erabakiak leudeke murrizketa horren atzean.

Hala ere, Nafarroako Gobernutik nabarmendu nahi izan dute Urbasa-Andia natur parkera bideratutako aurrekontuak %23,8 egin duela gora. Guztira 380.501 euroko inbertsioa egingo da, pasa den urteko 307.356 euroko inbertsioaren aldean.


Pasa den urtean 33.770 buru
Azienda        Urbasa        Andia        Natur parkean
                    Buruak       Buruak      Buruak         
Ardi-azienda    12.342    13.990        26.332        
Behi-azienda    2.887        1.307        4.194        
Zaldi-azienda   1.163        2.081        3.244        
Guztira        16.392      17.378      33.770    

Ehunekotan
Behi-azienda    %37
Latxa ardiak    %28
Zaldi-azienda   %28
Rasa ardiak     %7